Bueltan da Mendi Tour. Bilbo Mendi Film jaialdiko pelikularik onenak erakutsiko ditu ziklo ibiltariak Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritan. Mendia, muturreko kirolak, abentura eta natura gaien inguruko pelikulen zaleentzat ezinbesteko hitzorduak.

Oro har, mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den Mendi Film Fest jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira. Horien gaiak, espezializatuak baina anitzak:  alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena…

2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izan ziren 2018ko edizioak jaso zituenak, eta horien artean arrakasta gehien izandakoak zabaltzen ditu orain ditu Mendi Tourrek. Modu honetara, jaialdira hurbiltzerik izan ez zuten zaleei gerturatuko diete film espezializatuak ikusteko aukera.

Hala, Zirkuitu komertzialetan erakutsiko ez diren “pelikula bikainak” ikusteko aukera izango da zikloa, The Dawn Wall, Everest Green, The Weight of Water, The Search for the Wooo edo Viacruxis bezalako ekoizpenak lehen aldiz ikusteko “hitzordu paregabea”. Madrilen egiten ari dira saioak egunotan, sarrera guztiak salduta, eta EAEko geltokien txanda izango da ondoren: Sopela (urriak 17), Markina-Xemein (urriak 27) Errenteria (azaroak 7-8), Getxo (azaroak 11-12-13-14), Basauri (azaroak 19) eta Elgoibarren (azaroak 22).

Udazkenean, abentura eta zinemarik onena, ate joka dira! 11.000 ikusletik gora bildu ditu Mendi Tourrak aurten, eta Europako mendi zinemagintzaren erreferentzia bilakatu da honela.

Sarreren salmentaren azken fasea

12. edizioko -abenduak 6tik 15era-, sarrera pack salmenten 3. eta azken fasea indarrean jarriko da urriaren 17tik azaroak 11ra arte. Sarrera pack-ek deskontu handiak dituzte, beti ere sarrera horiek guztiak leihatilan eta saio egunetan bertan erosiko balira balioko luketenarekin alderatuta.

Sarrera kopuru mugatua da eskaintza honetakoa, eta bizi ibiltzea gomendatu dute antolatzaileek,  izan ere, aurreko bi eskaintza faseetan, eskainitako sarrera pack guztiak agortu egin dira.