Zazpi euskal enpresa joango dira Mipcom azokara, nazioarteko zinema plataforma garrantzitsura, Basque Audiovisual markapean.  14tik 17ra ospatuko da topaketa, eta Eiken klusterrarenEtxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren babesa eta laguntza izango dute profesionalek.

Nazioarteko ikus-entzunezko sektorearen bilgune izango da Cannes, aurten bigarrenez.  Mundu osoko produktore, banatzaile eta erosleen harremanak sustatu asmoz ospatuko dute Mipcom azoka, enpresen edukia eta formatuak nazioarteko beste eragileei zabaltzeko aukera nabarmen erraztuz. Ezinbesteko hitzordua izan ohi da, gainera, sektorearen joera eta norabide berriak lehen lerrotik ezagutzeko.

Bada, zazpi euskal enpresez osatutako delegaritza bat izango da bertan beren animazio, dokumental, film luze eta multimedia produktuak erakusten: Expressive Media Projects, J.O.K Flms, LA Ekoizpenak, Lotura Films, Pausoka Entertainment, Sayaka Producciones eta Señor & Señora. Interesatuekin biltzeko aukera izateaz gain,  Basque Audiovisual katalogoan jasoko dute ere eskaintza hori, profesionalen artean banatzeko.

Ez dira bakarrik egongo. Eiken Klusterra, Zineuskadi erakundea eta Etxepare Euskal Institutua Cannesen izango dira ere euskal ikus-entzunezkoen berri zabaldu eta negoziorako aukera berriak aztertzen, eta hala, bertaratutako enpresen kontaktu sarea handitzeko pieza gakoa izango dira. Azaldu dutenez, Cannesko azokan parte hartzeak euskal produktuak saldu, produzitu, ezagutarazi eta nazioartekotzeaz gain, beste herrialdeetako eduki digitalen balio katean eragiten duten profesionalekin lan egitea errazten du, eta gure herria produkzio-gune gisa aurkeztea izango dute xede.