Sarrera hau, ezinbestean, bikoitza suertatu da; izan ere, gerra ostean egin du Amenabarrek filma, eta gerra osteko ikuspegi batekin begietsi behar dugu bere lana. Halaxe dio berak ere.
Mientras dure la guerraren berri izan nuen lehenengoz Radio Nacional de Españaren zati den Radio3eko Hoy empieza todo irratsaioan egin zioten elkarrizketa batean. Bertan hainbat gauzaz hitz egiten zuen Amenabarrek, besteak beste, Millan Astray militarrarekin arrazaren egunean gertatutako istiluaz, baina, autobusean erdi lo nindoan arren, elkarrizketako amaiera aldera, deigarri egin zitzaidan zuzendariak adierazi zuen “adiskidantzazko” korolario hau: Denok gara espainolak.
Aitortu behar dut alarma gorria piztu zela neure buruan podcasteko esaldi hura entzunda. Geroago, jakin nuen Millan Astray general hiper abertzalea irrati-kate horren fundatzailea zela (!) Aitortu behar dut, era berean, Angel Carmona —elkarriketatzailea— asko miresten dudala aspalditik.
Orduan, zinemara joan nintzen, hala ere, gogotsu (Unamuno gazte-gaztetatik atsegin izan dut-eta). Eta, aurreko postean esan nuen bezala, film on bat ikusi nuen… baina non-eta pasarterik gorenean Unamunoren ezpainetan esaldi horixe aditu nuen ostera ere: Todos somos españoles.
Eta iruditu zitzaidan eskastxua. Zeren, Espainiako film-sortzailerik onenetako batek errezeta hori ematea noiz-eta XXI. mendean —gurpil zoro bat bezala, historia behin eta berriro errepikatzen ari garen honetan— zeharo dezepzionagarria da.
Umetan irakatsi ziguten Espainiako guda piztarazi zuten arrazoi nagusiak bi zirela: gorri eliza-erretzaileak, batetik; eta Espainia aberritzat ez zeukatenak, bestetik. Lehenengo arazoa desagertu egin zen aspaldi. Bigarrena…
Salamancako unibertsitateko paraninfoko liskarraldia piztu zuen txinparta Francisco Maldonado katedratikoaren hitzaldi kiskalgarri bat izan zen, suharki aldarrikatzen zuena Katalunia eta Euskal Herria (Vasconia) Espainiako minbizia zirela, antiespaña, xangre hutsa; eta bisturi batez erauzi beharrekoa, beraz.
Eta Unamuno euskalduna, eztabaidaren txapelduna, ezin mututurik gelditu. Unamuno —ekitaldiko hizlarien artean ez zegoena— zutundu eta bere hitzaldia egin zuen probokazio hari erantzunez. Asko hitz egin da han gertatutakoaz eta argi dago gauzak puztu eta bihurritu egin direla denborarekin. Zuhurrena, hortaz, orduko Unamunori berari entzutea da.
Beti pentsatu dut zinema gizartearen ispilu izan behar duela; hots, zelan edo halan haren erroekin uztartuta egon behar duela. Alde horretatik eta, batez ere oraintxe bertan gertatzen ari direnak gogoan, Amenabarren filmeko ekarpenak (Freud izan gabe ere, agerian dago zuzendariaren aurkikuntza horixe dela) etsigarria da oso; objektiboki, antz handiagoa duelako José Millán Astrayk paraninfoan, ustez, txilioka botatako ¡España, una!–rekin, beste edozein ideiarekin baino; eta begi aurrean jartzen digulako nazionalismo espainiarrari ibiltzeko gelditzen zaion tartea ikaragarri luzea dela oraindik. Ahí lo dejo.