Alejandro Amenabar, zuzendari ona izateaz gain, ausarta ere bada; oraingoan, nori-eta Unamunori heldu dio. Gibelak behar dira gero.
Horri lotuta, lehenik, argi eta garbi utzi behar da film honek —bilbotarraren itzala baldarki patrimonializatzen saiatu diren beste ikuskizun askok ez bezala (azkena hemen)— aintzat hartzen duela, hasieratik, Unamuno kontraesanaren txapelduna zela eta, ondorioz, trabeseko pael guztiek bezalaxe, nekez onartuko duela inork bere sorora ekartzea.
Hala ere —beharbada horrexegatik—, Unamunori gainontzekoei onartzen ez zaizkion okerkeriak onartzen zaizkio (nik-neuk ere bai); honen adibide da, paraninfoko gertaerak jazota ere, esaterako, Franco loriatsua goraipatuz hil zela (irakurri hemen 1936ko… azaroan! jaurtitako perlak). Nolanahi ere, ia denek —beltz nahiz zuri— nahi dute bizkaitarra euren ondoan eduki. Amenabarrek ere bai.
Eta esan behar da zuzendariak bikain islatzen duela Unamunoren izaera kontraesankor hori eta nola horrexek izugarrizko sufrimendu eta minak eragin zizkion —eromen kolektibo hartan— hiltzeraino. Gainera, Karra Elejalde itzel dago.
Bestetik, Unamunorekin batera, nor-eta Francisco Franco altxatzen da filmean bigarren protagonista moduan (Millán Astrain fanatikoarekin batera, egia esanda). Santi Pregok eta Eduard Fernándezek, hurrenez hurren, zoragarri egiten dute nork bere lana, eta pertsonaia aberats konplexuak gorpuzten dituzte. Era berean, pertsonaia guztien rolak ederto definituta daude elkarrizketetan eta gidoian (egia historikoari honelako film batean zor zaion morrontza ondo kudeatuz); eta horrela, den-denek izango dute euren momentua kontakizunean. Halaber, Madrildarrak maisuen moduan erabiltzen ditu zine-baliabideak eta tempoak, eta hori eszena askotan igartzen da.
Azkenik, berriro aipatu behar da, nola ez, Amenabarrek Espainiako historiako pasarte eztabaidagarri —eta esanguratsu— bat aukeratu duela. Horren haritik, asko hitz egin da —eta hitz egingo da— horretaz, eta nik-neuk ere zertxobait gehiago daukat esateko; baina hori bihar egingo dut sarrera honen bigarren atalean. Bihar arte, ondo segi.
Bigarrena irakurri nahian…
Eskerrik asko, Txbo!!! Hortxe daukazu bigarrena.
Bide batez, Txbo, eskertuko nuke zure iritzia, labur balitz ere, emango bazenu.Ondo ibili.