VIII. Jardunaldiak Emakumeek Egindako Zinemaz izeneko zikloa atondu du Donostiako Emakumeen Etxeak, urriaren 14, 15 eta 16an. Zinemagile argentinarren lanean jarriko du fokua, eta Maria Luisa Bemberg, Lucrecia Martel eta Lucia Puenzoren lanak izango dira ikusgai.
Maria Luisa Bemberg (Buenos Aires, 1922 – 1995) zuzendariaren Yo la peor de todas (1990) filmaren proiekzioa izango da lehena, gaur arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Emakume arau hausleak dira ikus-entzunezkoaren protagonistak, zeinak transgresioa baliatuko duten askatasunaren adierazpide gisa. Besteak beste, Assumpta Serna, Dominique Sanda, Hector Alterio, Lautaro Murua eta Graciela Araujo aktoreak ikusiko dira pantailan.
Urriaren 15eko saioan, bestalde, Lucrecia Martel (Salta, 1966) sortzailearen La cienaga (2001) zango da ikusgai. “Moralaren deuseztatzea aurkezten dut, eta beraz, beharrezkotzat jo dut narrazioaren bilbea askatzea, ikusleengan kezka sortzea”, azaldu zuen zinemagileak filmaren aurkezpenean.
Lucia Puenzo (Buenos Aires, 1976) izango da azkena, urriaren 16an. Egilearen XXY (2007) izango da ikusgai, etorkizunari begira dauden nerabe batzuen bizipenak jasotzen dituen drama.
Informazio gehigarria, hemen.