Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Jaialdiko sari nagusia jaso du Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo proiektuak, film onenari aitortza egiten diona, hain zuzen. Horrez gain, efektu berezi onenen saria eta publikoaren saria ere jaso ditu; eta zuzendari berri onenaren Citizen Kane saria eman diote Gaztelu-Urrutiari.
Gizarte kritika baliatuz, ikuslea inguru distopiko batean barnebildu du Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo proiektuak. Basque Films ekoiztetxearen hitzetan, kartzela berezi baten inguruan datzan film honek “elkartasunaren dimentsioak eta limiteak aurrez aurre jarriko dizkio ikusleari”. Basque Films eta Zentropak taldeak ekoiztuta, TVE, ETB, ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaren bidez egikarizatu dute, eta Ivan Masague, Antonia San Juan, Zorion Egileor, Emilio Buale eta Alexandra Masangkay aktoreak dira protagonistak.
Sitgesekoa ez da El hoyo-k jaso duen lehen saria. Izan ere, Torontoko zinemaldiko Midnight Madness saileko Publikoaren saria lortu zuen irailean. Hilabete amaieran, gainera, film horren proiekzioarekin inauguratuko dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astea.