Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuendutako Aupa Etxebeste! arrakastatsuaren bigarren atala 67. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan estreinatu zuten irail amaieran, eta ostiral horretan bertan heldu zen Euskal Herriko zinema aretoetara. Bada, hamar eguneko epean 22.000 lagunek ikusi dute etxebestetarren abenturaren segida.

Handia filmaren aurretik, 2005ean estreinatutako Agur Etxebeste! zen historiako euskarazko film ikusiena, ia 72.000 ikus-entzulerekin. Bigarren atalarekin marka hura gainditzea zuten helburu ekoizleek, eta lehen datuen arabera, indartsu hasi direla esan genezake. Izan ere, filma irailaren 27an estreinatu zutenetik, 22.000 lagunek ikusi dute aretoetan. Dena den, Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia arrakastatsuak 25.000 ikusletik gora izan zituen lehen asteburuan, eta ez da erraza izango 133.000 ikusleko langa gainditzea.

Altuna eta Esnal emanaldietako askotan izan dira egunotan, filma aurkezten eta bertaratuekin solasean, eta herriz herri egiten ari diren birak emaitza onak eman ditu. Filma euskara hutsean edota euskaraz baina gaztelaniazko azpidatziekin proiektatzen ari dira, zinema areto bakoitzaren erabakiaren arabera, eta oro har, oso harrera ona izaten ari da.

Bigarren atal honetan, Patrizio Etxebestek alkate-makila utziko du, ustez, osasun arazoak direla-eta, eta Maria Luisa emazteari emango dio lekukoa. Honek udaletxearen funtzionamendua aldatu nahiko du, baina gauzak espero baino zailagoak dira.

Kontuan izan behar da, era berean, EZAE elkartearen Bidaiariak zinera! kanpainaren bosgarren ekitaldia irailaren 27an bertan jarri zutela martxan, eta beraz, euskal ekoizpenen sarrerak bi euro merkeago ikus daitezkela elkarteko kide diren zinema aretoetan.