Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak zineforuma abiatuko du udazken honetan. Hilean behin egingo dituzte emanaldiak, eta euskaraz sortutako zein euskarara ekarritako (bikoizketaren bidez edo azpidatziekin) lanak proiektatuko dituzte Koldo Mitxelenan. Lehen saioa urriaren 15ean, asteartea, egingo dute, eta La belle saison (Udako amodioa, Catherine Corsini, 2015) film frantziarra emango dute.

1971ko Parisen girotutako drama erromantikoarekin abiatuko du Bagera elkarteak zineforuma. Filmeko protagonistak Delphine nekazari familia batean hazitako gaztea eta hiriburuan bizi den Carole independentea izango dira. Lehenak landa eremutik hirigunerako bidea hartuko du, hain zuzen ere, mugimendu feministak lehen urratsak egingo dituen garaian, eta bertan ezagutuko du mutil-laguna duen Carole kartsua. Bien arteko topaketatik maitasun istorio eder bezain korapilatsua sortuko da.

Filma urriaren 15ean, asteartea, izango da ikusgai Koldo Mitxelena kulturunean, doan. Saioa 18:30ean abiatuko dute, eta euskarazko azpidatziekin emango dute, Filmazpit katalogoaren bidez. Zineforumaren lehen emanaldia izango da, eta proiekzioaren ostean solasaldia egingo dute bertaratuekin, lanaren ingurukoak euskaraz komentatzeko.

Oraingoz La belle saison da iragarritako emanaldi bakarra, baina datozen asteetan jakingo dugu hurrengo proiekzioen berri.