Zinema eta giza eskubideak uztartuko dituzten lau film hartuko ditu bere gain, urriaren 8tik 11ra bitartean, Bilbon jorratuko duten Zinexit ekimenak. Hitzordua guztiak doakoak izango dira, 19:30etik aurrera, Golem Alhondiga aretoan.

Victor Cabaco zuzendariaren ‘Vitoria, 3 de marzo’ filma izango da ospakizunaren protagonista eta abiapuntua.

2018an Zinexit Erakustaldiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrenarekin bat egin zuen eta, aurten, 2019an, emanaldiaren 10. urteurrena ospatuko dute. Dagoeneko, 10 urte igaro dira Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak mobilizatzeko, hausnartzeko eta bizikidetza eta giza eskubideak sustatzeko tresna gisa zinemaren aldeko apustua egin zuenetik, eta, esker ona adierazi nahi izan diote denbora guzti honetan ekimena jarraitu duen publikoari. Hori dela eta, beste hainbat sorpresaren artean, Zinexit Topaketa berezia aurkeztu dute.

Victor Cabaco zuzendariaren Vitoria, 3 de marzo izango da ospakizunaren protagonista eta abiapuntua, urriaren 8rako programatu duten lehenengo emanaldian. Antolatzaileen usteetan, memoriaren zinema egiteko ahalegina da filma, buruan dugun tragedia bat oroitzekoa: “Zinema soziala eta konprometitua da; kontzientziak eragin nahi ditu eta ahaztu ez dadin borrokatzeko deia egiten du. Baina, halaber, gertaera haren biktimentzako omenaldia ere bada, Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, JoseCastillo eta Bienvenido Peredarentzako omenaldia, bai eta zorigaiztoko 1976ko martxoaren 3 hartan zaurituak izan ziren hainbat eta hainbat biktimarentzako ere”.

Horrekin batera, eta urteurreneko opari gisara, beste hiru filmen proiekzioa ere iragarri dute: “Urriaren 9an, 10ean eta 11n ere zinemara gonbidatu nahi zaituztegu. Aperitibo horrek ase zaitzazuela!”. Hala, What have we done to deserve this? (Eva Spreitzhofer, 2018) izango da ikusgai hilaren 9an; Miroslav Terzic zuzendari serbiarraren Šavovi / Stitches (2019) filma proiektatuko dute ostegunean, hilaren 10ean; eta, azkenik, Partho Sen-Gupta zuzendari austriarraren Slam (2018) lanak emango dio amaiera zikloari, urriaren 11n.

Ikusi xehetasun gehiago, hemen.