Euskal zinemagileek zuzendutako hiru filmek hartuko dute parte, urriaren 13ra bitarte, Sitgesen ospatuko den Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren Sail Ofizialean: Ventajas de viajar en tren, El hoyo eta Paradise  Hills. Jaialdiko saria nagusia irabazteko hautagai izango dira hirurak.

Aritz Moreno donostiarraren lehen film luzea da ‘Ventajas de viajar en tren’

Aritz Moreno donostiarraren lehen film luzea da Ventajas de viajar en tren, “lan sailkaezina eta probokatzailea” bere esanetan. EiTB taldearen laguntza eta parte hartzearekin, jaialdiaren Sail Ofizialean lehiatuko da, eta horren ostean, azaroaren 8an, helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Aktore taldean daude Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Javier Godino eta Javier Botet.

Bestalde, gizarte kritika baliatuz, ikuslea inguru distopiko batean barnebilduko du Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo proiektuak. Basque Films ekoiztetxearen hitzetan, kartzela berezi baten inguruan datzan film honek “elkartasunaren dimentsioak eta limiteak aurrez aurre jarriko dizkio ikusleari”. Aipatutako Basque Films eta Zentropak taldeak ekoiztuta, TVE, ETB, ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaren bidez egikarizatu dute proiektua, eta Ivan Masague eta Antonia San Juan aktoreak izango dira protagonistak.

Paradise Hills, Alice Waddington bilbotarrak errodaturiko ikus-entzunezkoa izango da hirugarrena. Sundanceko jaialdi entzutetsuan aurkeztu ostean, Kataluniako Fantasiazko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian aurkeztuko dute, Sitgesen, urriaren 3tik 13ra.