EZAE elkarteak bosgarren urtez jarriko du martxan ‘Bidaiariak zinera!’ kanpaina. Euskal zinema sustatzeko helburua duen egitasmoa  Agur Etxebeste! pelikularen estreinaldiarekin jarri dute abian, irailaren 27tik aurrera.

Egitasmo ezaguna da jada euskal zinemazaleen artean. Aurreko urteetan, esaterako, 20.000 ikusle baino gehiagok probestu zuten eskaintza, eta indar olatuaz baliatu dira antolatzaileak ekimena luzatu eta euskal ekoizpenei lehentasuna emateko.  Euskal ekoizpenen sarrerek bi euroko beherapena izango dute elkarteko zinemetan, kanpainaren aurrekontua agortu arte. Areto bat baino gehiago dituzten zinemek estreinaldiko astera mugatuko dute prezio-murrizketa eta herriko zine-aretoek lehen bi asteetan egingo dute beherapena.

Gipuzkoako eta Bizkaiko 60 zinema-areto batzen dituzten EZAEko 16 zinema eta zazpi enpresa-bazkide gehitu dira ‘Bidaiariak zinera!’ kanpainara. Donostiako Principe, Trueba eta Antiguo Berrik, Lekeitioko Ikusgarri zinemak, Durangoko Gran Cinema Zugazak, Eibarko Coliseo Antzokiak eta Getxo Zinemak. Horiez gain, Hirutek enpresaren bost aretok ere bat egingo dute: Andoaingo Bastero kulturguneak, Zumarragako Zelai Arizti aretoak, Villabonako Gurea aretoak, Oñatiko zineak eta Lazkaoko Areria zineak. Halaber, Bilboko Golem Alhondiga eta Multicines, Beasaingo Usurbe Antzokia eta Errenteriako Niessen Zinema ere izango dira egitasmoaren barne.

Agur Etxebeste!

Osasun arazoak tarteko, Patrizio Etxebeste alkateak udala utzi behar du. Hala ere, udaleko agintaritza ez galtzeko, bere emazte Maria Luisa herriko alkate izendatuko du, herriko lehenengo emakumezkoa kargu horretan, hain zuzen. Maria Luisak lana serio hartuko du eta udalaren funtzionamendua goitik behera aldatuko du, Patriziorekin duen harremana hankaz gora jarriz.

Hamalau urte igaro dira Aupa Etxebeste!-k euskara zinema-areto komertzialetan arrakastaz entzunarazi zuenetik. Euskarazko zinemaren historiako film ikusiena bihurtu zen orduan hura, eta 2017an Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi) estreinatu zen arte, titulua mantendu zuen. Ea bigarrenarekin zer gertatzen den!