“Pentsatzen nuen nire bizitza tragedia hutsa zela. Orain ikusi dut komedia madarikatu bat dela”.

Todd Phillipsek zuzendu, idatzi eta ekoitzitako Joker filmean bere ikuspuntu pertsonala eman dio DC Comics-eko pertsonaia zitalari, eta istorioak oso modu originalean jaso du haren mitologia tradizionala. Originaltasun horri so, izan bedi asteko film nabarmendua.

Superheroi filma lez saldu diguten ekoizpena den arren, ez dago horrelako film batengandik espero dezakegun efektu berezien gehiegizko erabilerarik. Ez dago gaitasun edo indar berezirik duen pertsonaia nagusirik, eta, hartara, ez da honek sortutako mehatxua borrokatuko duen pertsonaia antagonikorik. Ez da horrelakorik, superheroi filma lez saldu diguten ekoizpena den arren, ez delako superheroien inguruko film bat.

Zaldun iluna dugu, bai, baina Trump Aroari egokitutakoa. Hegian dantzari dagoenaren endekapenezko garapena, eta zabor hutsa balitz alboratu eta arbuiatu egiten duen gizarte eri horri kritika. Ezjakintasunak eta harrokeriak hondatutako pertsona bat, eta gainbehera horren eragina gizarteari.

Egun kontsumitzen dugun zinema guztiarekin, nekez egiten dugu topo gure barrenak astindu eta auzitan ipintzera eramaten gaituzten filmekin. Bada, gure egunerokoaren iluna, itzaletan gorde ohi dugun hori, azaleratuko du Tod Phillipsen proposamenak, modu gordin, urratzaile eta transgresorean.

Eta, onena zer? Joaquin Phoenix aktoreak rol protagonistaren hezurretan betetzen duen interpretazio bikaina. Edozein gorespenetatik haratago, lehenago ikusi gabeko iluntasun pertzepzioa, ezinegona eta atsekabea eragingo dizkigu, eta bai, biziki gozatuko dugu horrekin. Heroiak miresten genituen txikiak ginenean, baina gaizkileak liluratuko gaitu oraingoan.

“Ba al dakizu zer gertatzen den eritasun mentala duten pertsonak baztertu eta zabor modura tratatzen dituzunean? Nik esango dizut: merezi duzun hori jasoko duzula”.