Gasteizko hirian bertan girotu dituzte istorioa eta grabaketa prozesuak, beraz, ezin zuen beste modu batera izan: Arabako hiriburuak hartuko du El silencio de la cuidad blanca filmaren estreinaldia, urriaren 24ean.

La ciudad blanca liburu trilogiako lehen alearen pantailarako egokitzapena da filma. Daniel Calparsoro arduratu da zuzentzeaz, eta aktore ezagun askok hartu dute parte. Besteak beste, Javier Rey, Belen Rueda, Aura Garrido eta Jordi Molla ikusiko ditugu pantaila handian. Tartean izango dira ere zenbait euskal aurpegi: Kandido UrangaItziar ItuñoRamon Barea

2018ko abuztuaren lehenengoan ekin zioten errodatzeari, eta zortzi astez arituko ziren lanean. Irailaren amaiera arte, hain zuzen. Ondo bidean, 2019ko udazkenean estreinatuko zutela iragarri zuten orduan, eta, heldu da unea azkenean. Gasteizen hartu zituzten irudiak nagusiki, baina Arabako beste zenbait toki ere bisitatu zituzten.

Ekintza Gasteizen abiatuko da, gaur egun, 20 urteko neska baten eta mutil baten gorpu biluziak Katedral Zaharreko kriptan agertzen direnean. Profil kriminaletan aditu den Unai Lopez de Ayala inspektoreak harrapatu egin beharko du duela bi hamarkadatik hona hiria beldurtuta duen hiltzailea. Etengabeko hilketek eta gero eta pertsonalago bihurtzen den ikerketa polizialak mugara eramango dute polizia; uste baino hurbilago egon daitekeen hiltzaile aldakor eta anker baten aurka borrokan.

Herritarrak omentzeko

Estreinaldia estatu mailako bakarra izango da, eta filmaketan modu altruistan parte hartu zuten herritarrak omendu eta eskertzeko baliatu nahi dute filmaren arduradunek. Horrez gain, nazio mailako komunikabide espezialistak gonbidatu dituzte, filmak Estatu osoan zabalpena ematen lagunduko dutelakoan.

Estreinaldian bertan izango dira ere filmeko zuzendari Daniel Calparsoro, Belen Rueda eta Javier Rey protagonistak, Mercedes Gomero eta Joaquin Padro ekoizleak (Atresmediakoa eta Rodar y Rodar-ekoa hurrenez hurren) eta liburuaren idazlea bera, Eva Garcia Saenz de Urturi.

Sarreren zozketa

Emanaldia herritarrei irekia izango da, eta zozketa bidez banatuko dituzte gonbidapenak, emanaldia baldintza egokienetan emateko behar teknikoak aztertu ondoren. Azaldu dutenaren arabera, Libre dauden besaulkien %50 herritarren artean zozketatuko da, filma hirian filmatu ahal izateko eman duten laguntza eta inplikazioa eskertzeko.