Asto erregea Pakistango animaziozko filma euskeraz ikusteko aukera izango da gaurtik aurrera Hego Euskal Herriko zinema-areto nagusietan. Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez 2019an euskaraz eskainiko duten hamaikagarren filma da honakoa.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bitartez kudeatutako programa arrakastatsua da Zinema Euskaraz, eta 2019an ere, EiTBrekin elkarlanean zinema komunikazio kulturalerako tresna gisa erabiltzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri zuten urte hasieran, eta euskaratutako hamaikagarren lana dute Asto erregea.

Publiko zabalarentzako egokia den umorezko eta abenturazko filma da, eta ekologia, animaliekiko errespetua eta maitasun gaiak lantzen ditu, zenbait balio politikoen aldeko defentsa egitearekin batera: demokrazia eta inposatutako sistema politikoen eta ustelkeriaren aurkako borroka, adibidez.

Aziz Jidanik zuzendutako filmak hauteskunde kanpaina baten istorioa kontatzen du. Lehoi Erregea, oihaneko burua, erretiroa hartzekotan da. Bere ondorengoak sinesgarritasuna irabaz dezan, Miss Fina aholkulariarekin batera hauteskundeak deitzea erabakiko du.

Mangu asto apala, zoriontsua da bere garbitzaile bizimoduarekin, baina ustekabean herritarren hautagai bihurtuko da, eta Hantusteusi, Lehoi Erregearen legezko oinordekoari, aurre egin beharko dio. Manguk, ordea, ez daki bere hautagaitza Miss Finaren plan maltzurraren parte denik. Aholkulariaren asmoa Lehoi Erregea tronutik kentzea da, eta haren semea ondorengotzatik kanpo uztea. Hartara, tronua kontrolatzeko aukera izango du, bere agindupean dagoen hautagai baten bidez.

Lortuko ote du Manguk emandako hitza betez errege izatea? Ala, Miss Finaren txotxongilo hutsa izango ote da? Hasi dadila hauteskunde kanpaina!

Zinema-areto nagusietan

Filma honako zine-aretoetan estreinatuko da euskaraz: Golem Alhondiga (Bilbo), Florida zinemak (Gasteiz), Getxo Zinemak, Torrezabal zinema (Galdakao), Gran Cinema Zugaza (Durango), Niessen Zinemak (Errenteria) eta Principe zinema (Donostia).