Euskadiko Filmategiak Yannick Bellon zinemagile biarriztarrari buruzko argitalpena eta atzera begirakoa aurkeztu ditu. Zikloa urritik abendura izango da Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan, eta Liburua salgai dago jada liburu‐dendetan eta erakundearen webgunean, 19€-an.

Urtez urteko programazio egonkorra jarri zuen martxa 2015ean Euskadiko Filmategiak, eta ordutik irmo eutsi dio ikasturte hasieran zinemagile bati buruzko atzera begirako bat eskaintzeko asmoari: Victor Erice, Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro eta Helena Taberna izan dira orain arteko protagonistak. Yannick Bellon izango da 2019ko urritik abendura omenduko duten zinemagilea.

Biarritzen jaioa, XX. mendean Euskal Herrian jaiotako zinemagileen artean ibilbide garrantzitsuena izandako autorea da Bellon, eta aurreneko aldiz izango da aukera bere lanak gurean ikusteko. Bestalde, zinemagileari buruz argitaratuko den liburuak ere hutsune historiografiko nabarmen bat beteko du, Frantzian bertan ere ez baitago zuzendari Lapurtarrari buruzko monografia bakar bat ere.

Denise Bellon joan den mendeko argazkilari eta magistratu konprometituaren alaba da Yannick Bellon, eta mugimendu surrealistatik edan zuen txikitatik. Euskal Herrian eman zituen haurtzaroa eta nerabezaroaren zati bat, eta ospe handiko sortzaile izan zen Loleh ahizparekin egin zuen lan urte askoz. Yannick Bellonek muntaketa‐ eta zuzendaritza‐lanak egin ditu zineman eta telebistan, film labur zein luzeak, beti haize kontra egindakoak. Zuhur eta, aldi berean, goxo tratatu ditu bere filmetako pertsonaiak, eta, mendetasuna arbuiatzearekin batera, beren duintasuna berreskuratzea dute beti azken helburu. Bellonengan, hala, oso nabarmena da humanismoarekiko eta, beraz, feminismoarekiko konpromisoa, eta zantzu poetiko eta musikal ikusgarria ematen die horrek bere filmei.

D’où vient cet air lointain? (2018) da Yannick Bellonen azken filma, eta, hala, esan genezake frantziar zinemako ibilbiderik luzeena izan duen zinemagilea dela. Duela 70 urte, 1948an, Veneziako Zinemaldia irabazi zuen Goémons bere lehenengo film dokumental laburrari esker, eta 1974an Zilarrezko maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, La femme de Jean filmari esker.

Halaber, Éric Le Royk idatziko du autoreari buruzko monografia.  Frantziako CNC Zinema eta Irudi Bizidunen Zentro Nazionaleko Bildumetarako Sarbide, Balorizazio eta Aberaste Zerbitzuko burua da, eta horrez gain, FIAF Film Artxibategien Nazioarteko Federazioko presidente izan zen sei urtez, Frantziako Zinematekan lan egiteaz gainera. Zinema frantsesari eta zinemateken historiari buruzko artikulu ugari idatzi ditu, eta Frantziako zinemari eta argazkigintzari buruzko lan kolektiboak zuzendu. Aipagarriak dira, esaterako, Denise Bellon — Yannick Bellonen ama— argazkilariari buruz egin dituen lanak.

Urriaren 4an abiatuko da

Zikloa urriaren 4an abiatuko da Gipuzkoako hiriburuan eta urriaren 5ean Bilbon. Lehendabiziko emanaldia bikoitza izango da: 19:00etan, Eric Le Roy‐k (liburuaren egilea) eta Luisa Etxenikek (liburuaren itzultzailea) mahai-inguru  batean parte hartuko dute, Joxean Fernandezek (Euskadiko Filmategiko zuzendaria) moderatuta; 20:00etan, berriz, zinemagileak zuzendutako lehendabiziko film luzea- Quelque part quelqu’un– proiektatuko dute. Mahai‐ingururako sarrera doan izango da, aretoa bete arte. Ondorengo proiekziorako sarrera, aldiz, ohiko saltokietan egongo da salgai.

Kontsulta ezazu hemen Tabakalera eta Bilboko Arte Ederretako Museoan egingo diren emanaldien egutegia.