Egunak eta lanak aurkeztu berri du Euskaltzaindiak, erakundearen 100. urteurrenarekin bat, euskara jasoa izatera eraman dituen gertakizun nagusiak zein diren eta nork bultzatu dituen ezagutzera emango dituen pieza dokumentala. Urriaren 8an emitituko du  ETB1-ek, 22:15ean.

Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoien izan dira dokumentalaren sortzaileak. Lehenaren ideia originala izan da filma, eta bigarrenak zuzendariaren papera bete du. Hodei Zanbrano eta Haizea Pastor izan ditu ekoizle eragile, eta soinugile, argiztatzaile eta produkzio talde handi batek ere hartu dute parte.

Andres Urrutiak euskaltzainburuak berebiziko garrantzia eman zion atzo aurkeztu zuten lanari: “Gaurkoak esanahi berezia dauka guretzat. Geure mendeurrenerako emanaldi artistiko kulturalak eta beste aldetik, ekitaldi instituzional eta akademikoak burutuko genituela adierazi genuen. Eta hala, musikaldiak, dantzaldiak, eta antzerkia egin izan ditugu. Ikus-entzunezkoa falta zen, ordea, eta Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoieni luzatu genien enkargua”.

“Aspaldian baziren hiztegiak eta gramatikak euskarari buruz;  gaur egun, denak dira Euskaltzaindian”, azaldu zuten erakunde bozeramaileek. Bada, gure hizkuntza euskara jasoa izatera eraman dituen gertakizun nagusiak zein diren eta nork bultzatuak izan diren azalduko du dokumentalak, erretratu futurista baten bitartez. Miren Gaztañaga eta Mikel Ibarguren aktoreek gorpuztu dituzte protagonista nagusiak.