Amazing Grace filmaren trailerra ikusi berritan idazten ari naiz lerro hauek, aldi berean How I Got Over kantua aditzen ari naizela. Eta hara, nahigabe, hatzak teklatuan dantzan ari zaizkit, eta burua alde batera eta bertzera balantzaka daukat. Ez dakit zuetako norbaitek aukera izan ote duen Donostia Zinemaldian Amazing Grace filma ikusteko… Nik ez, eta irrikan nago.

Aretha Franklinek Amazing Grace diska grabatu zuen Los Angeleseko eliza batean. 1972. urtea zen. Kontzertua kamerekin grabatu zen, baina irudi horiek ez dute inoiz argia ikusi. Miraria gertatu da orain.

Miraria bai.

Arrakastaren olatuan zegoen Franklin, eta, behar bada, bere sustraietara bueltatu nahi izan zuen kontzertu berezi honekin: New Temple Missionary eliza Baptistara. Gospel doinuetara.

Warner multinazionalak antolatu zuen dena, abesbatza bat, banda bat eta publiko entregatu bat (publikoan, txundituta, besteak beste, Mick Jagger topatuko dugu), eta Sydney Pollac-ek zuzendaritzan, bost kamera aritu ziren haren ardurapeko beharrean.

Helburua argia zen: kontzertu horretatik erreportaje bat egitea, ondoren, diska bera promozionatzeko. Baina arazo teknikoak medio Pollack-ek ezin izan zuen klaketa erabili, eta amets gaiztoa izan zen ondoren bost kamerek eta soinuak bat egitea (kontutan hartu orduko edizioa artisau lana zela ia ), are gehiago, ez zuten lortu. Eta 20 orduko grabaketa hura kaxoi batean geratu zen.

Ez betirako, ordea. 2008an Pollack zendu, eta Alan Elliot ekoizleak berreskuratu zuen metrajea, eta gaur egungo baliabideekin errez sinkronizatu dituzte bost kamerak eta soinua. Dokumentala estreinatzeko prest zenean, Toronton estreinatzeko zorian, Aretha Franklin bera izan zen hura zabaltzeko baimena ukatu zuena. Eta berriro filma…kaxoira.

2018ko abuzutaren 16an zendu zen Aretha, eta sendiarekin hitzarmena sinatuta, lortu da Amazing Grace munduko festibal onenetan egotea, ikuslearen gozamenerako.

Ostiral honetan estreinatuko da zinema-aretoetan, eta ni behintzat irrikan nago hura ikusteko. Oilo ipurdia jartzen zaio bati, soilik, trailerra ikustearekin…

 

Blog honen izenburuari fidel, hiru kontu aipatzen dizkizuet post bakoitzean:

Beraz, lehengoa:

Orain badakizue, ostiral honetan estreinatuko dela Aretha Franklin abeslariaren harribitxi hau: Amazing Grace.

Bigarrena:

Hori lortzeko, 2 pertsona hil eta ia-ia 50 urte pasa behar izan direla.

Eta hirugarrena:

Berriki, eta Petti musikariari esker, jakin dut Aretha Franklinek bazuela ahizpa bat, zaharragoa: Erma Franklin. Elkarrekin aritzen ziren elizan kantua, eta nahiz eta haren itzalean aritu zen beti, bere urrezko garaia iritsi zen 60. hamarkadan, Piece of my heart kantuarekin. Gerora, hit-a bilakatuko zen Janis Joplinekin, eta are ezagunago, AEBetako galtza bakero marka batek bere iragarki batean erabili zuenean kantua. Baina Aretha Franklinek 72an egin bezala, sustraietara joko dugu guk ere.

Hemen Piece of my Heart kantu original, Erma Franklinena.