Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk Marta Meszaros zinegile hungariar ospetsuari banatuko dio bere 61. edizioko Ohorezko Mikeldia, zine garaikideari egin dion ekarpena eta berdintasunaren alde izandako pertseberantzia artistikoa aintzatetsiz. Saria amaiera ekitaldian banatuko dute, Arriaga Antzokian, 20:00etatik aurrera.
Marta Meszaros zuzendaria izango da zinemaldi bilbotarraren aurtengo protagonista handia, eta filmetako irudietan “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko jardun artistiko eta bital nekaezina” egin duen emakumearen lana eta zine garaikideari egin dion ekarpena nabarmenduko du horrela jaialdiak. Izan ere, Marta Meszarosek (Kispest, Hungaria, 1931), 1967an Hungarian film luze bat errodatu zuen lehenengo emakumeak, zinean egin duen lan zabalaren ezaugarri nagusia emakumeekiko erakutsi duen etengabeko interesa izan da; emakumearen errealitate desberdinetatik, alaba, ama, emazte, langile, adiskide eta maitale gisa, bere kameraren bitartez, euren buruak eta inguratzen dituen mundua ulertzeko egunero egiten zuten esfortzua eta borondatea jasoz.
Bada, azaroaren 8tik 15era ospatuko da ZINEBIren 61. edizioa, eta saria amaiera ekitaldian banatuko da, Arriaga Antzokiko agertoki nagusian, 20:00etatik aurrera. Iragarri dute, gainera, zinegilearen lanaren parte handia zaharberritu duen Hungariako Zine Fondoen Artxibategi Nazionalaren lankidetzarekin, jaialdiak hungariarraren filmografiako lan garrantzitsuenetako batzuk erakutsiko dituela. Horien artean azpimarratzekoak dira Mészáros László emlékére (In Memoriam László Mészáros, 1978) film laburra, Eltávozott nap (1967), Örökbefogadás (1975), Szép lányok, ne sírjatok! (Don´t cry pretty girls!, 1970) eta Napló gyermekeimnek (1984). Emanaldiak Arte Ederren Museoan egingo ditutzte, Ohorezko Mikeldia eman aurreko egunetan. Azaroaren 14an, 19:00etan izango den emanaldian, Marta Meszaros bera egongo da filma aurkezten.
Susana Blascok diseinatutako kartela
Susana Blasco diseinugile grafiko, ilustratzaile eta collage egileak asmatu eta sortu du 61. edizioko irudia. Lanak karga sinbolikoa duela adierazi du, eta ardatz nagusia “kontzeptuzko egitura trinkoa” izango dela. Artistak jaialdiaren irudi deigarria, oso indartsua eta zuzena irudikatu du, aldi berean esanahi zein irakurketa desberdinez betetakoa, eta pertsona bakoitzaren interpretaziora zabaltzen dena. Begi handia da, eraikuntza-jolas edo buru-hausgarri gisa konposatua, bata bestearen gainean jartzen diren kuboekin.