Ezin ukatu euskal zinemagintzak loraldia bizi duenik. Bada zeri kantatu, eta badugu nori kontatu. Euskal ekoizpenak inoiz bano ugariagoak izango dira 67. Donostia Zinemaldian, eta horren berri emateko asmoz ekin genion atzo Zurriolako Butaka programaren saio-sorta berriari.
Jaialdiari eskainitako euskara hutsezko ekoizpen bakarra izango da, eta ZINEAren atarian, IRUTXULOKO HITZA, GAZTEZULO eta BERRIA hedabideen webguneetan eta HAMAIKA nahiz KANALDUDE telebista kateetan ikusi ahalko da. Egunero 19:00etatik aurrera zabalduko dugu Internet bidez, Kanaldudek, bere aldetik, 20:00etan emitituko du, eta Hamaikak 22:00etan. Horrez gain, #Zbutaka traola erabiliko dugu saioko kideek gure jarduna sareetan zabaltzeko.
Ohartu gabe heldu gara mugara… Donostia Zinemaldiaren amaierara. Eman diezaiogun jaialdiari merezitako agurra: ikusi gaurko #ZButaka eta edan ase arte bertatik. Elena Irureta izango da eguneko luxuzko gonbidatua gure platoan; Ben Sharrock eta Irune Gurtubairen, Pikadero filmaren sortzaileen, Limbo azken proiektua ezagutzeko aukera izango duzue; Sebastiane saria inguruan arituko gara hizketan Joseba Rekalderekin; Irailaren 14an, Tabakaleran, Donostiako Kresala Zineklubeko lagunek ospatutako Euskal Herriko I. Zineklub Topaketaren berri izango dugu, eta egun, zineklubek bizi duten egoeraz hitz egingo digu haiekin; eta, amaitzeko, jaialdiko izarra izan den La trinchera infinita filmeko irudi batzuk izango dira ikusgai.
67. Donostia Zinemaldiko azken Zurriolako Butaka saioa duzue segidan.