Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita filmak jaialdian eskuratutako laugarren garaikurra da Euskal Zinemaren Irizar saria. Atzotik Euskal Gidoi Onenaren saria, Fipresci saria eta Espainiako Zinema Kazetarien Elkarteak emandako Feroz saria eskuratu ditu, eta gaur gaueko galan Urrezko Maskorra jasotzeko faboritoen artean dago, Sail Ofizialean lehiatu baita.
Pello Gutierrez zinemagile eta ekoizleak (burua), Sara Hernandez Tabakalerako ikus-entzunezkoen programaren koordinatzaile eta kritikariak, eta Eider Rodriguez idazle eta itzultzaileak osatutako epaimahaiak Garaño, Arregi eta Goenagaren filmari eman dio 67. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Irizar saria. Erabakia hartzeko, hainbat irizpide finkatu zituzten hasieratik, eta lehen unean sintonia handia erakutsi bazuten ere, pixkanaka, filmak ikusi ahala, ebazpena zaildu egin dela aitortu dute. Film bakoitzaren ostean geratu eta sakon eztabaidatu dute horretarako.
Bederatzi izan dira aurtengo hautagaiak, Zinemaldian mundu mailako estreinaldia izan duten ekoizpenak, hain zuzen: Agur Etxebeste! (Telmo Esnal eta Asier Altuna) -Euskal Zinemaren Gala-, Una ventana al mar (Miguel Angel Jimenez) -Zinemira-, Las letras de Jordi (Maider Fernandez Iriarte) -Zuzendari Berriak-, Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio (Iñaki Arteta) -Culinary Zinema-, Gazta (Mikel Urretabizkaia) -Culinary Zinema-, La trinchera infinita (Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga) -Sail Ofiziala-, Varados (Helena Taberna) -Zinemira-, Glittering Misfits (Iban del Campo) -Zinemira-, eta Hiru Uhinak (Loïc Legrand) -Zinemira-.