Zuzendaria: Olivier Assayas

Urtea: 2019

Herrialdea: Frantzia

Saila: Donostia Saria

90eko hamarkadako Kuba. Goiz batean, ingurukoei ezertxo ere esan gabe, René González pilotoak hegazkin bat lapurtuko du eta Havanatik Miamira egingo du ihes, Olga emaztea eta sei urteko alaba bertan utzita. Bizimodu berria abiatuko du bertan, eta beste hainbat iheslari kubatarrekin batera, uhartean eraso terroristak egin nahi dituzten Fidel Castroren aurkako antolakundeetan infiltratuko dira, filmari izena ematen dion Liztor Sarea espiotza-sarea osatuz.

Gertaera errealetan du oinarria Olivier Assayas zinemagileak idatzi eta zuzendutako thrillerrak, eta besteak beste, Bill Clinton AEBtako orduko presidentearen zein Fidel Castro ia 50 urtez Kubako agintari gorena izan zenaren benetako adierazpenak sartu ditu egiazkotasuna bermatze aldera. Donostia Zinemaldira Donostia Saria jasotzera etorri den Penelope Cruz aktorearen lan berriena da, eta aitzakia hori baliatu dute filma jaialdian proiektatzeko. Izan ere, gertakariek duten berezko interesetik harago, filma ahul samarra dela esango nuke.

Jazotakoak ulertzeko datu asko behar ditu ikusleak, eta horiek off-eko ahots baten bidez azaltzeko erabakia hartu du zuzendariak. Gainera, pertsonaia batetik bestera, denboran saltoak eginez, igarotzen da modu azkar eta zakarregi batean, eta horrek, ni behintzat, filmetik aterarazi nau. Pertsonaia batzuen interpretazioak, gainera, sinesgarritasun gutxikoak iruditu zaizkit, baina baliteke gauza asko kontatzeko premiagatik, haietako bakoitzari behar adina denbora ez eskaintzeagatik izatea.

Filmak Medellingo kartelarentzat droga trafikatzen zuen Barry Seal pilotu estatubatuarrari buruzko American Made (Doug Liman, 2017) lana gogorarazi dit, hark baino gutxiago konbentzitu banau ere. Eta Martin Scorseseren zinemagintzaren berezko estiloa imitatzen ahalegindu dela ere iruditu zait, esaterako, pertsonaiak aurkezteko orduan, emaitza nabarmen kaskarragoa izan bada ere. Horregatik, filmak berritasunik eskaintzen ez duela iruditu zait, aurrez ikusitako hainbat filmen collage-a balitz bezala, eta amorrutu egin nau. Lokalizazioak ederrak dira eta aktore taldea ere ez da makala; baina niretzat, ez da nahikoa izan filmaz gozatzeko.

Esandakoa, beraz: Kubak 90eko hamarkadan garatutako espiotza-sareari buruz egindako kontaketa aldrebes eta gorabeheratsua egin du Assayasek, eta gustuko izan ohi dudan genero nahasketak lekuz kanpo utzi nau.