Eguneko protagonista izan zen atzokoan. 67. Donostia Zinemaldian banatuko dituzten hiru Donostia Sarietako bigarrena jasotzera etorri da Donald Sutherland aktore kanadarra, eta hiriarekin txundituta eta aitortzarekin bereziki eskertuta azaldu da. Galaren amaieran, The Burnt Orange Heresy filma eman zuten, Giuseppe Capotondik gidatutakoa.
“Gabon denori” eta “Mila esker” hitzekin jaso zuen ikuslegoaren txalo zaparrada Sutherlandek eszenatokira igo bezain laster, eta esertzeko eskatu zien bertaratuei, hunkituta. “Ohore handia da niretzat hemen izatea, mila esker, Donostia”, gehitu zuen euskaraz. Euskal Herrian egotea plazer handia zitzaiola aitortu zuen, eta “Errespetu handia dut zuekiko, eta poz handia da gaur gauean hemen egotea” gaineratu, oraingoan bai, ingelesez. “Mila esker, Euskal Herria” oihukatu eta errepikatu zuen hainbatetan, euskaraz berriro.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak Donostia Saria eman zionean, gainera, garaikurrak irrist egiten ziola irudikatu zuen aktore iaioak, ikusleen barrea eraginez. Eta segidan mikrofonora hurbildu zen. “Ohore handia da eta pozez zoratzen nago, benetan”, hitzekin amaitu zuen eskertza hitzaldia.
Jarraian, Giuseppe Capotondi zinemagilearen The Burnt Orange Heresy lana proiektatu zuten aretoan. Filmean Jerome Debney margolariaren papera antzeztu du Sutherlandek, eta berarekin batera aritu dira Claes Bang, Elizabeth Debicki eta Mick Jagger, besteak beste.
Astea, Donostian
Iragan astelehenean heldu zen Donostiara, eta hiru eguneko epean hiriaz maitemindu dela aitortu zuen atzo, irailak 26, Kursaaleko prentsa aretoan eman zuen prentsaurrekoan. “Kanadan, Miami Beachen eta Frantzian bizi naiz, eta aurrerantzean etxe bat izango dut Donostian”, esan zuen txantxetan. Izan ere, 84 urteko aktoreak pasioz darrai lanean, eta “nik bakarrik bizi ezingo nituzkeen bizitzak bizitzeko antzezten dut. Energia eta askatasuna ematen dit”, nabarmendu zuen. 200dik gora ekoizpenetan hartu du parte (hemen kontsulta dezakezue bere filmografia), zineman zein telebistan, eta genero aniztasuna da bere jardunaren ezaugarri nabarmenetako bat.
Prentsaurrekoan, gainera, klima aldaketarekin kezkatuta azaldu zen. “Txinatarrek eurek polinizatu behar dituzte loreak, erlerik ez dagoelako; jada ez da intsekturik itsasten automobilen haizetakoan. Horren inguruan hitz egin beharko genuke. Seme-alabak ditut, bilobak, eta utziko diedan munduan ezingo dira bizi. Oso serio ari naiz”, azpimarratu zuen.