2015ean, 64. Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean Pikadero komedia dramatikoa aurkeztu zuen Eskozia-Euskal Herria tandema dago Limbo proiektuaren atzean. Ben Sharrock zinemagile eskoziar eta Irune Gurtubai ekoizle euskaldun gazteentzat bigarren proposamen luzea izango da honakoa, eta lehena gurean errodatu bazuten ere, Eskozia ipar-mendebaldeko Uist uharte-katera joan ziren iragan udazkenean errefuxiatuen krisian girotutako bigarren lanari forma ematera.

Hedabideeetatik zein zinemaren mundutik jasotzen dugun errefuxiatuen irudikapenak hutsune handi bat duela iritzi dio Sharrockek: “Errefuxiatuekiko pena ala beldurra sentitzen dugu, eta uste dut tartean badela errealitatearekin harreman estuagoa duen eta faltan botatzen dudan irudi naturalago bat”. Hain zuzen ere, Damaskon egin zuen urtebeteko egonaldiaz geroztik izan du gaia lantzeko asmoa, eta asilo eskaera egin ostean, hura noiz iritsiko zain, uharte batera bidaliko dituzten errefuxiatuak izango dira Limbo laneko protagonistak.

Errodaje gogorraren ingurukoak azaldu dizkigute elkarrizketan, baita filma zein garapen unetan dagoen eta aurrerantzean zein urrats emango dituzten ere.