Zuzendaria: Casey Affleck

Urtea: 2019

Herrialdea: AEB

Saila: Perlak

11 urteko Rag neskatila eta aita ihesean bizi dira. Duela hamar bat urte, Rag jaio zen garaian, izurri baten antzera zabaldu zen birusaren eraginez, ia ez dago andrazkorik munduan, eta geratzen diren apurrak bunkerretan gotortuta bizi dira, gizonezkoen kontrolpean. Aitak, baina, ez du Rag bakarrik uzteko asmorik, eta gainerakoengandik urrun mantenduko du, basoan gordeta. Segurtasun neurri oro hartuko duten arren, Rag laster helduko da pubertarora, eta aitak gertatuko denaren aurrean prestatu nahiko du.

Cassey Affleck aktoreak zuzentzen duen lehen fikziozko lana da, 2010an Joaquin Phoenixen inguruan osatu zuen I’m Still Here dokumental faltsuaren ostean, eta opera prima Berlingo zinema jaialdian aurrestreinatu zen iragan otsailean. Ordutik, hainbat herrialdetako areto komertzialetan izan da ikusgai, eta 67. Donostia Zinemaldiko Perlak sailean aurkeztu dute.

Filmak baditu interesgarriak iruditu zaizkidan hainbat alderdi. Nagusiki, aita-alaben arteko harremanaren lanketa. Beldurraren eta arriskuaren aurrean, elkarrekin goxo eta konfiantza giroan egoteko momentuak topatzen dituzte, eta amaren oroipenak bizirik mantentzeko egindako ahalegina zoragarria da. Oheratu aurretik, haurrentzako ipuin modura kamuflatuta kontatzen diren istorioek eta ihesaldien ostean sortzen zaizkien ezinegonak zintzotasunez adierazteko moduak publikoarengana iristen dira, bi protagonisten arteko loturaren indarra agerian utziz. Aktoreen antzezpenak bikainak dira, gidoirik gabe ariko balira bezala jarduten dute une batzuetan, eta egoeraren larritasunetik harago, ez diote drama gaindosirik ematen istorioari.

Filma, oro har, proposamen sendo eta sakona iruditu zait, ikusle modura, planteatutako errealitateak antsietate puntu bat transmititu badit ere, eta Afflecken zuzendaritza-lana ere miresgarria da. Tentsioa film osoan zehar mantentzea lortu du, eta sekuentzia bakoitzari behar duen denbora eman dio, ikuslea ihesaldiaren lekuko bilakatuz.

Era berean, filmak baditu ahulune batzuk. Zenbait momentu errepikakorrak suertatu zaizkit, eta aita-alaben borrokak amaiera duinik izango ez zuela jakiteak, nolabait, kontaketaren sugarra itzali dit. Merezi du aurrera jarraitzeak? Baina pelikulak, osotasunean, publikoa konbentzituko duela uste dut, nirekin egin duen bezalaxe, eta narrazioaren zintzotsunak hunkituko bat baino gehiago. Aktore gisara ez ezik, zuzendari modura ere zer kontatu baduela erakutsi du Affleckek.