Zuzendaria: Loïc Legrand

Urtea: 2019

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Zinemira

Meta-zinema ariketa ederra egin du Loïc Legrand Akitania Berriko ekoizle eta zinemagileak. Bere opera primak Hiru Uhinak kondaira eguneratu du, zeinetan marinel batek madarikazio bat jasoko duen, eta esnezko, malkozko eta odolezko hiru olatu erraldoiri aurre egin beharko dien. Hirugarrena suntsitzeko, arpoi bat botako du olatuaren erdigunera, eta oihu lazkarri batekin desegingo da uhina. Etxera itzulitakoan, emaztea hilik aurkituko du marinelak, bihotzean zauri bat duela.

Bada, kondairak sentimendu kontrajarriak eragiten zizkion Legrandi, bazuelako alderdi epiko bat (gizona naturaren aurka), baina arrazoirik gabe senarra hiltzen ahalegintzen zen andrazkoak igorritako mezuak zalantzak sortzen zizkiolako. Honenbestez, Kanaldude herri telebistaren laguntzarekin, atelier bat antolatu zuen, eta bertatik sei gazte aukeratu zituen gaiari buruz irakurketa ezberdina egingo zen film laburra errodatzeko. Legranden egitekoa errodaje hori grabatzea izan da, eta emaitza Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu berri du.

Dokumentalaren oinarrizko ezaugarriak erabat errespetatzen ditu lanak, protagonisten ekintzetan inolaz ere parte hartu gabe, haien jarraipena egitera mugatzen baita: gidoiaren garapena, norabide ezberdinen azterketa, adituekin izandako elkarrizketak, errodajea bera… Prozesuaren une aipagarrienak bildu, egituratu eta eskani ditu Legrandek, eta ikusleak gazte horietako bat gehiago dela sentituko du, Unibertsitate garaira jauzi egingo balu bezala, talde-lan batean murgildu eta helburu jakina lortzeko ahaleginetan, taldekideen adostasuna erdiesteko. Oso gauza puru, aratza ikusten ari garela sentituko dugu, apaingarririk gabea, gordina eta laburra. Baina muntaketak eta gertaeren bilakaera kronologikoak lana erraz kontsumitzera eramango gaituzte, eta gustura, prozesuaren parte izateko gonbidapena onartuta, bat egingo dugu taldearekin.

Hori bai, gazteek egindako Ito laburra ikusteko gogoz geratu naiz! Izan ere, garrantzitsua iruditzen zait dokumentalarekin batera proiektatzea. Interesgarria da, noski, Legranden making off-ak oinarrian dagoen filmak baino protagonismo gehiago izatea. Baina prozesu osoa ikusi ostean, eztabaida eta zailtasun uneen lekuko izan ondoren, Lili, Ekaitz, Aña, Hippolyte, Ana eta Oierrek egindako kondairaren irakurketa zein den jakin nahi dut. Eta orduan bai, Legrandek jatorrian zuen helburua bete ote den frogatuko dut.