Zuzendaria: Maddi Barber

Urtea: 2019

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Zabaltegi-Tabakalera

-Ez, ez, ez, pantanorik ez-

Maddi Barber bueltan dugu Zinemaldianm eta honek asko poztu gaitu. Iaz 592 METROZ GOITI film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu ondoren, aurten ere sail berberan estreinatu du bere azken lana, URPEAN LURRA. Ezinbestekoa da bi filmen arteko lotura, batak bestea osatu eta borobiltzen baitu, Itoizko urtegiaren ibilbideari ikuspegi ezberdinetatik helduz.

90ko hamarkadan, Nafarroako Pirinioetako maldetan, zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituzten Itoizko urtegia eta ubidea eraikitzeko. Egun, urtegiaren gainetik giza-bizitzak aurrera egin du eta, azpian, ura besterik ez dago, itxuraz. Ez da egia, ordea. Naturak bere lekuaren bila iraun du, eta bertako biztanleek galdutako herri eta lur horiekin amesten jarraitzen dute. Betirako.

Filmaren abiapuntua Maddiren, bertako biztanle baten, galdera zehatz bat da: Nola bizi daitezke lasai herritarrak ur azpian hainbeste maite izan zuten baiara hondoratuta dagoela jakinda? Bertatik hasi, eta beste hainbat galdera eta gogoeta azaleratzen ditu URPEAN LURRA filmak, ikuslea zalantzaz josiz: Zer zegoen bertan? Aski balioetsitako paisaiak eta oroipenak dira? Borrokatu egin ote zuten bizilagunek urtegiaren aurka? Zertarako suntsitu zituzten zazpi herri txiki horiek? Merezi izan ote du?

Artxiboko irudietaz baliatuko da Barber erantzunak lortu eta gertatutakoa gordintasunez erakusteko. Solidari@s con Itoiz taldeak, ingurumenaren aldeko beste hainbat talde eta aldarrikapenetan parte hartu zuten elkarte eta lagunek, aurkako ekintza ugari eragiteaz gain, prozedura luze hau filmatzen ere saiatu ziren. Grabaketa amateurrak dira, baina kalitate txikiko irudiak izanda ere -zoom luzeegiak, pixelatu ikaragarriak, plano finko gehiegi- egia adierazten dute eta honek indar handia dauka. Gaur egungo urtegiko irudiekin nahastu ditu gainera Maddik, kontraste ikaragarria sortuz. Hain dira ederrak euri tantak urtegian edo sugea zuhaitzean… eta hain dira mingarria zuhaitzaren adarrak urtegitik kanpo, zuhaitza bizirik irauteko borrokan dabilen seinale…

Iragana eta etorkizunaren arteko lotura Itoizko urtegiaren orainaren bidez bideratu du Barberrek, bertako biztanleen testigantzak material eroalea bihurtuz. Urpean geratu dena ahaztu ezinik, begiak itxi eta haien ametsak -amets gaiztoak batez ere- partekatuko dituzte terapia modura. Halabeharrez, Maddik ere parte hartuko du prozesu mingarri honetan, urtegiarekin amestutakoak aitortuz, inork ezingo baitu bere burutik maite duen baiara ezabatu.

Bestalde, Xabier Erkiziaren esku dagoen soinua hain da zehatza, non ikuslea bertan -urtegiaren ertzean- sentituko den. Azkenik, Mirari Echavarri eta Gerard Ortinek lagundu dute Maddi muntaiarekin, erronka baitzen borroka kolektiboaren eta dolu indibidualaren arteko elkarrizketa hau zuzen aurkeztea, ikusle orori nostalgia eta amorrua sentiaraztea.

Protestak protesta, urtegia altxatu zen eta 20 urte beranduago (2002an bukatu zen eraikuntza), Barberrek zinemako pantaila handira ekarri du aldarrikapena; Ez ditzagun ahaztu, ez urpean geratu zen paisaia erreal hori, ez eta gure oroitzapenetan gorde dugun paisaia imaginarioa. Ezinbesteko filma da URPEAN LURRA.

0