Manou enara txikiari buruzko izen berezko animaziozko film alemaniarra iragan ostiralean, irailak 20, heldu zen zinema aretoetara, eta gurean euskaraz dago ikusgai hainbat tokitan. Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez 2019an euskaraz eskainiko duten harmagarren filma da honakoa.

Manou txikia kaioekin hazi da. Taldeak hegoalderanzko bidaia egin behar du, eta atzean ez geratzeko asmoz, Manou gogor saiatzen da hegan egiteko teknikak ikasten eta hobetzen. Baina inguruko enaren bidez ohartuko da bera elai bat dela, eta oso bestelako ezaugarriak eta bizimodua dituztela bera bezalakoek. Erabaki gogorra hartu beharko du orduan: familiatzat duen kaio taldearekin jarraitu, ala enaren bandora jauzi egin.

Christian Haas eta Andrea Block zinemagileek zuzendu dute 88 minutuko ekoizpen alemaniarra, eta gurean euskaraz dago ikusgai, besteak beste, Iruñea, Bilbo eta Donostiako zinema aretoetan (jaialdia igarotakoan). Zinema Euskaraz programaren bidez, hamar dira jada gurean euskaraz estreinatu diren 2019ko filmak, eta katalogoak hazten jarraitzen du.