Drama eta komedia uztartzen dituen euskal road trip-a prestatu du Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak, bere bigarren film luzea, eta abuztuaz geroztik Bizkaiako hainbat txokotan zein Lapurdin errodatzen ari dira. Nora da protagonista, bere lekua aurkitu nahi duen gaztea, eta lana 2020an estreinatuko dela aurreikusi dute.

Ane eta Peru. Maitasun istorio bat piper artean izena zuen gidoiarekin eman zituen Izagirrek proiektu honen lehen urratsak. 2016an Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen gidoia garatzeko, eta 2018a aurre-produkzioa egiteko baliatu zuen. Hala, izenburua ez ezik (Ane eta Peio izan zen gero, eta egun Nora du izenburu), bestelako aldaketa eta egokitzapenak ere jasan ditu proiektuak.

Besteak beste, iazko Donostia Zinemaldia baliatu zuen zinemagileak koproduktoreak eta lanarekin bat egingo zuten agenteak topatzeko. Urruñan egoitza duen La Fidele Production ekoiztetxearekin sortutako elkarlana naturala izan da oso, Bizkaian ez ezik, Lapurdiko hainbat txokotan ere kokatzen delako trama, eta horrez gain, aktore argentinar baten parte-hartzea izango dute.

Nora izeneko 30 urteko protagonistaren papera, ostera, Ane Pikaza aktoreak antzeztu du. “Kazetaria da, eta orain arte besteentzat bizi izan da. Hala, bidaia baten bitartez bere burua erdigunean jartzen ikasiko du”, azaldu du Izagirrek. Horretarako, road trip moduko bat egingo du Euskal Herrian zehar, Zornotzatik Ezpeletera, eta ibilbide laburra izango bada ere, pertsonaiarentzat aldaketa handiak ekarriko ditu. Bidean, besteak beste, Ramon Barea, Clara Badiola, Loli Astoreka eta Joseba Usabiaga aktoreek antzeztutako pertsonaiekin egingo du topo.

Errodajea abuztuaren 12an hasi zen Zornotzan, eta Bizkaiko kostan barrena joan dira Hendaiaraino. Euria, haizea, eguzkia… denetik izan dute grabaketan, baina emaitzarekin gustura eta egunean egunekoa betetzen ari direla nabarmendu du zuzendariak. Filmak komedia eta drama uztartuko baditu ere, lehenengotik gehiago izango duela aitortu du Izagirrek.