EZAEk, Euskadiko zine aretoen elkarteak, Dantza ekoizpenak euskal zinema-industriari egindako ekarpena eta pelikularen arrakasta, ibilbidea, kalitatea eta originaltasuna saritu ditu gaur V. EZAE Sariaren bitartez. Donostia Zinemaldiaren baitan burutu dute omenaldia.

‘Dantza’ filmaren lan-taldea eta instituzioen ordezkariak, gaurko sari banaketa  ekitaldian. (Argazkia: EZAE)

Eskerrak EZAEri, sari hau Donostia Zinemaldiaren markoan banatzen jarratzeko hautua egin duelako aurten ere” Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak zabaldu du ekitaldia, “bereziki poztu gara aurtengo sariduna ezagutzean, ibilbide osoa Donostia Zinemaldian egin duen filma izan baita. Orain bi urte Glocal in Progress deialdian parte hartu zuenetik, iaz Sail Ofizialean aurkeztu zuten arte”.

Loreak, Amama eta Handia filmek eta Juanba Berasategi zinemagilearen senideek osatzen duten saridunen zerrendari batu zaio Telmo Esnalen lana, eta sektoreko aurpegin ezagun andana bildu da Kursaal eraikineko Prentsa Klubean zumaiarra babesteko. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea izan da horietako bat: “Gaurko sariduna Dantza da, baina aitortza berezia egin nahi nioke ere EZAEri. Kulturaren hedapena eta sustapenaren kate luze horren parte garrantzitsua direlako bere gain biltzen dituzten zinema-aretoak”, adierazi du Muñozek,Filmaren saritzea ospatu behar dugu, noski, baina hortik harago ere, euskal zinema ospatu behar dugu, bagarela, auzolanean ari garela, eta Zinemaldiak hori erakusteko bozgorailua ematen digula”. “Era berean, euskal publikoa txalotu nahi nuke. Aretoak betez herri honen kulturari atxikimendu osoa erakusten duten horiek”.

Pozik eta hunkituta eskertu du Marian Fernandez ekoizleak saria, eta lan-talde erraldoia gogoratu du: “Gu etorri gara gaur saria jasotzera, baina sari hau, saritzen ari diren arrakasta, eragina ez lirateke direna, filmean parte hartu duten dantzari guztien konpromisorik gabe. Horrez gain, publikoarena da ere sari hau, haien babesa azaldu diguten ikusle horiena”. Telmo Esnal zuzendariak hartu du hitza jarraian: “Benetako Saria film hau egitea izan da”, azaldu du apal bezain labur, “Pelikulak gureak dira zinema-areto batean proiektatzen ditugun arte. Dantza, beraz, zuena da jada. Babestu dezazue merezi duen bezala’.

Ikus-entzunezko dantza

Dantza tradizionalaren unibertso hipnotikoa irudikatzea izan zen hasieratik filmaren helburua, eta.250 dantzari baino gehiagok hartu zuten parte tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei gorazarre egiten dion kantu poetiko honetan. Asmo handiko sormen-apustua egin du zuen Esnalek, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltzekin elkarlanean. Izan ere, Jauregik zuzendu zituen bertan islatzen diren unibertso estetiko zein bisualak, eta Urbeltzenak  dira ikuskizun errodatua gorpuztu zuten koreografiak.