24 urteko zinemagile donostiarra da Ainhoa Gutierrez del Pozo. Arte Ederrak ikasi zituen, eta Mexikon egin zuen egonaldian sortu zitzaion zinemagintza lantzeko grina. Uneotan zinema dokumentalari buruzko bi urteko masterra egiten ari da Buenos Aireseko FUC unibertsitatean.

Bere bigarren dokumentala da Medvedek, bi hartz esloveniarren etorrerak Nafarroako mendi inguruetan izandako eragina aztertzen duen laburra, eta Kimuak katalogoan hautatua izan da. “Aukeraketak beste norbaitek zure proiektuan sinisten duela esatea bezalakoa da; eta hori oso garrantzitsua da zinemagile berrientzat”. 67. Donostia Zinemaldira etorri da Argia astekariarentzako zinema kritikak osatzera, eta oro har, zinemaldiaz gozatzera.