Urtea: 2019
Herrialdea: Argentina
Saila: Zuzendari Berriak
Hamar urte dituen arren, neba-arreba gazteagoen ama gisa jarduten du Amandak Gustavo aitarekin egoten direnean. Gurasoak bananduta daude, eta amaren etxean ordena nagusi bada ere, aitak hogei urte izango balitu bezala eta pixua adiskideekin elkarbanatuko balu bezala bizitzen jarraitzen du. Eta hala ere, hiru ttikiek ikaragarri gozatzen dute aitarekin daudenean. Arazo ekonomikoak tarteko, amak bikotekide berriarekin eta haren seme-alabekin batera, Uruguayra joateko proposamena luzatuko die gaztetxoei, eta Amandak argi izango du bere erabakia: aitarekin geldituko da. Manuel eta Laura neba-arrebengandik bereiztea, ostera, uste baino gogorragoa egingo zaio.
90eko hamarkada hasierako Argentinara egingo dugu bidaia Ana García Blayaren opera primaren bidez, eta errealitatea eta fikzioa nahasiko ditugu, bere gaztaroko bideo-grabaketak filmerako fikzionatutako irudiekin tartekatuko dituelako. Hain zuzen ere, etxean hartutako irudi inprobisatu horiek erabili ditu oinarritzat haurtzaroan bizitakoa berreraikitzeko eta filmari forma emateko. Eta emaitza benetan ederra da.
Zinemaldiak nazioartean ekoizten diren eta zirkuito komertzialera heltzen ez diren harribitxiak deskubritzeko aukera ematen digu. Hori da, nire iritziz, festibalak zinemazaleoi egiten digun ekarpen garrantzitsuenetako bat (garrantzitsuena ez bada), istorio txikien handitasuna agerian uzten duten lanak programatzea. Bada, 67. edizio honetan, Las buenas intenciones da harribitxien kutxan topa dezakegun lanetako bat. Haur eta nerabeen tematikak lantzen dituzten filmekiko erakarpen berezia sentitu ohi dut, sarritan, gertaera esanguratsuek baino, eguneroko bizitzak berak, mimoz eta zintzotasunez kontatzen bada, irakaspen interesgarriagoak eskaintzen dizkigula uste dudalako. Eta Argentinako zinemagintzak badu erraztasuna horretarako.
Izen bereko pertsonaiaren papera antzeztu duen Amanda Minujin gazteak, bereziki, baina baita gainerako aktoreek ere, elkarrekin osatu duten familiaren etxeko ateak zabaldu dizkigute, lotsarik eta filtrorik gabe. Zinemagile hasiberrien amateurismoak film ausartagoak dakartzala pentsatu ohi dugu sarritan, baina argi dut istorio honi darion errealismoa ez dela ausazkoa. Behar beste irauten duten elkarrizketak, pertsonaien isiluneak, ozenegi utzitako garaiko musika, denboran egindako saltoak… Ongi landutako proiektu baten ezaugarriak dira. Eta badakizue zer? Filmak 86 minutu irauten du, eta iraupena datu esanguratsua da.
Filmaren izenburuak dioen bezala, gauzak egiterakoan jartzen dugun intentzioa oso garrantzitsua da. Eta teknikoki bikainak izan arren, arimarik gabeko proiektuak ez dira ikus-entzuleengana iristen. Aldiz, aurrekontu eta ekipo txikiagoarekin baina ilusioz gainezka eta umiltasunez egiten direnak beti heltzen dira, eta arrastoa uzten dute. Aiii, haur eta nerabeak gehiago adituko bagenitu…