Loïc Legrand zinemagile frantziar gazteak zuzentzen duen lehen filma da Hiru Uhinak. 2012az geroztik, Prima Luce ekoiztetxearen izenpean, hainbat sorkuntza dokumental landu ditu, eta azken aldian gazteentzako tailerrak zein Kanalduderentzako lanak egiten aritu da. Baina ez zuen bere opera prima 67. Donostia Zinemaldian aurkezteko aukeratuko zutenik espero. Hain zuzen, Kanalduderen babespean osatutako proiektu esperimentala da, eta Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko lehian ariko da.
Izen bereko kondairak aspaldi ostu zion loa Legrandi. Oso zinematografikoa zela uste izan zuen hasieratik: gizona naturaren aurka, sorginak, itsasoa… Era berean, filmak asaldatu egiten zuen, inolako arrazoi jakinik gabe senarra hiltzeko asmoz jardungo zen emakumea baitzuen protagonista. Zein zen kondairak igorri nahi zuen mezua? Eta egun, modu beretsuan kontatuko genuke?
Bada, kondaria oinarri hartuta, film bat egiteko erronka luzatu zien zortzi gazteri, eta Kanalduderen laguntzaz, atelier bat antolatu zuen, parte hartzaileei film baten sortze-prozesua erakusteko. Hala, errodaje osoa ikus-entzunezko formatuan jaso du, eta gogotsu dago proiektuak euskal gizartean izango duen harrera ezagutzeko.