Filmen zurrunbiloaz harago, hamaika dira zinemaldiaren egitarauak egunero eskaintzen dituen aparteko jarduerak. Donostiako hitzorduak errazten duen topagunea baliatu, eta indar erakustaldi eta metaketa bat egin dute gaur Espainia osoko zinema muntatzaileek. Abian da AMAE, Espainiako Ikus-Entzunezko Muntzaileen Elkartea.

Langileen eskubideen bermatzea, azken urteetan lanbideari ukatu egin zaion aintzatespena berreskuratzea, eta lanbidearen ikusgarritasuna sustatzea izango dira elkartearen helburu nagusaiak. Badute giza-egitura, funtzioen organigrama eta lan estrategiaren diseinua, eta guzti hori mantendu eta hauspotuko duen sektorearen erantzuna bilatu dute gaur Donostia Zinemaldiaren prentsa aretoan egindako agerraldian.

Besteak beste, urteetan pairatu dituzten lan baldintza txarrak eta gehiegikeriak izan dituzte gogoan, eta sektore zabal baten katebegi-ahantzia sentitu direla aitortu dute bertaratu diren profesional ugarik. Indarrak batu, eta beren eskubide eta lan baldintza duinengatik borrokatuko duen elkarte profesional baten sorrerak zuen premia azpimarratu dute honela.

Irene Blecua elkartearen zuzendariak eta Ricardo Gallego zuzendari-ordeak hartu dute hitza, eta sindikatu funtzioaz harago, egitasmoak landuko dituen beste hainbat zerbitzu eta funtzio aipatu dituzte. Esaterako, heziketari bideratutako programazioa aurkeztuko dute: profesionalen birziklapenerako saioak, teknologia berrien erabilera… Bestetik, hedapen kulturalarekin zerikusia duten beste hainbat ekimen egingo dituzte ere: profesionalen lanak erakutsiko dituzten zikloak, aurkezpenak… eta baita ikasketa zentroetara irteerak ere.

Administrazioaren langa gaindituta, datozeen asteetan zabalduko dute profesionalen inskripzioa zabalduko dute.