Urteko gainerakoak ez bezala, bizia eta jendetsua izan ohi da Zinemaldiko igandea. Hirurogeita hamar proiekziotik gora dituen eguneko programazioan, gozatua da aretoak betetzen direla ikustea. Are gehiago, irrika sortzen duten filmok euskal zigilua badaramate. Narrazio bide konbentzionaletatik at, istorioak kontatzeko modu berriek beren bidea dutela erakutsiz, P2 aretoa bete dute gaur Izibene Oñederra eta Maddi Barberren lanek, publiko aurrean egindako hirugarren emanaldia izan denean. Zabaltegi-Tabakalera sail esperimentalean hartzen dute parte biek ala biek.

Lursaguak

Zuzendaria: Izibene Oñederra

Urtea: 2019

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Zabaltegi – Tabakalera

Izibene Oñederra azkoitiarrak bakarka zuzentzen duen hirugarren lana da Lursaguak. Escenas de vida, eta, hain zuzen, aurretik landutako horien sortze prozesuek emandako irakaspenetatik edan du azkena eraikitzerako orduan. Irudiei jarraipen arrazional bat ematea sahiestuko zuela iragarri zigun zuzendariak, eta hala, mikroistorio koloretsu eta iradokitzaileak tartekatuz eraikitako kontakizun batekin egin dugu topo.

Hélène Cixousen aipu ezagun bat oinarri, inoiz ezagutu ez dugun espezie bateko milioika lursaguei eskaini die istorioa. Milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala suntsitzen ari diren emakume “antiheroi” horiei. Hala, transgresio edo haustura bat egiten ari den irudi femenino bat irudikatu du kontakizun bakoitzarekin, eta azken hiru urteetan sortu dituen 300 emakumeren erretratuak bildu ditu denera.

Lursaguak –edo beste edozein filmaikusteko kontakizunaren hariari jarraitzea besterik ez dela behar aldarrikatzen du azkoitiarrak. Heldu, beraz, proposatzen digun irudi segida indartsuari.

Urpean lurra

Zuzendaria: Maddi Barber

Urtea: 2019

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Zabaltegi – Tabakalera

Zin dagigu bailara hau zaindu egingo dugula, eta berezko irudi eta zabaleran mantendu egingo dugula”. Praktikotasunean guda galdu, baina oroimenaren borroka mantentzen duen kolektibo baten dolura gertutatuko gaitu Maddi Barber lakabearraren Urpean lurra film ertainak.

Duela ia bi hamarkada, Itoizko urtegiaren eraikuntzak Nafarroako Pirinioetako maldetako zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituen. Bada, Itoizko urtegiaren gatazka horri heldu dio bigarrenez zuzendariak (592 metroz goiti aurkeztu zuen iaz sail berdinean), bertako herritarren ametsak, talde ekologisten borroka jasotzen duten artxiboko irudiak eta egungo paisaia urperatuen sekuentziak tartekatuz. Irudi garratzak, minez beterikoak, baina ederrak ere bai. Borroka baten isla direnak batetik, eta bizitzaren irautea iradokitzen dutenak bestetik. Oroimen kolektiboaren ametsak elikatzen dituztenak horiek guztiak.

Izan ere, egun batean olatu erraldoiaren beldur ziren herritar horiek urperatutako lurraldearekin egiten dute amets oraindik. “Erreepikatzen den ametsa da hau. Modu batera edo bestera, lurrak agertzen zaizkit eta nik negar egiten dut”. Onerako edo txarrerako, ametsak baitira iraganera itzultzeko modu bakarra.

 

0