Zuzendariak: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi

Urtea: 2019

Herrialdea: Euskal Herria – Espainia

Saila: Sail Ofiziala

2014. Loreak. Zuzendariak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga. Gidoilariak Aitor Arregi, Garaño eta Goenaga.

2017. Handia. Zuzendariak, Jon Garaño eta Aitor Arregi. Gidoilariak Jon Garaño, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Andoni de Carlos.

2019. La Trinchera Infinita. Zuzendariak, Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga. Gidoilariak, Luiso Berdejo eta Jose Mari Goenaga.

Moriartitarren azken bost urteak aztertuz gero, xake partida baten moduko piezak bailiran, zuzendaritza eta gidoigintza alorretan mugitzen aritu direla antzeman dezakegu. Beti iruditu izan zait interesgarria zuzendari-gidoilari figura hori, obra baten bidez eta zinemak eskaintzen dituen sormen-erreminta guztiak erabiliz, transmititu nahi den hori aztertzeko, eta batez ere, egile edota autore-zinema moduan ezagutzen den lan horren inguruan hausnartzeko. Ez nuke esango egiten dutena oraindik egile-zinema denik, baina argi daukat beren film baten lehen hamar minutuak ikustea nahikoa zaidala pelikula haiena dela jakiteko. Erritmoa, plano estatiko eta kamera mugimenduen arteko konbinaketa ia perfektua, soinuak narrazioan duen garrantzia, aktoreen aukeraketa, pertsonaien garapena, elkarrizketen zorroztasuna…

Baina mugatu gaitezen Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu berri duten lan berriena aztertzera, La trinchera Infinita. 36ko gerran dago girotuta: hura piztu zenean, errepresalien beldur etxean ezkutatu eta 33 urtetik gora itxialdian eman zuen bikotearen istorioa kontatzen du. Belen Cuesta eta Antonio de la Torre aktoreek egin dituzte protagonisten paperak. Testuingurua eta gaia kontuan izanik, saihestezina da Ana Franken erreferentzia burura etortzea. Zentzu honetan, gauza askoren metafora bikain moduan funtzionatzen duela iruditu zait, beldur ugariren inguruan hausnartzeko balio digun istorioa delako, beldurrarekin bizitzeak zer suposatzen duen, baina baita bikote harremanaren eremura soilik mugatzen bagara ere, bikote protagonistarentzat garrantzitsuena elkarrekin jarraitzea baita. Horrexegatik, eta gaia oso sakona izan arren, ez nuke esango pelikula politiko baten aurrean gaudenik. Testuinguru politiko eta soziala hortxe dago, eta hori da istorioa bultzatzen duen erregai nagusia, etxeko hormen atzetik ezin ateratze horren akidura eta frustrazioarekin batera, baina batez ere, bikote batek maitasunagatik egiten duen esfortzuaren inguruko istorio baten aurrean gaudela uste dut, eta hori mundu osora zabaldu daitekeen gai unibertsal moduan planteatuta. Istorio hori, gainera, atal desberdinetan zatikatzea erabaki dute. Egia da hasieran bitxia dela, pantaila belztu eta hizki zuriz agertzen diren lerroburuek despistatu egiten dutelako, baina minutuak pasa ahala, ikuslea joko-txiki moduko batean murgiltzen dute, atalaren izenburua irakurtzean, ikusiko duenaren zantzua hartzen diolako, baina pista gehiegirik izan gabe, zein urte konkretu den jakin gabe. Lagin bat, baina oso gutxi azaltzen duena. Irudiek hitz egin dute, ez hizkiek. Osagarri guzti hauek paperera emanda, alegia, Berdejo eta Goenagak landu duten gidoira, sendoa, ia akatsik gabekoa eta zentzuduna iruditu zaidala esatea besterik ez zait geratzen, euspen eta sintesi ariketa paregabea.

Hizkuntzaren auzia ere ezin oharkabean pasa, honakoa izan baita euskara hutsean grabatu ez duten lehen filma. Hemen ere nota altua jartzera “behartu” naute. Gezurra dirudi hiru euskaldun etorri behar izatea, 1936. urtean Huelvako herrixka batean kokatzen den istorio bat kontatzeko, protagonistak bertakoak direlarik, garai hartako Andaluziako azentuak zituen ezaugarri eta baldintzekin, eta zailtasun guzti horiek koktel batean sartu ostean, emaitza bikaina burutzea -protagonisten semearen papera umetan gorpuzten duen aktorea salbu-.

Hasieran autore-zinema aipatu dudala eta, ezin lerro hauekin jarraitu zuzendari euskaldun hauen filmak identifikatzen laguntzen duten beste osagairik aipatu gabe. Izan ere, aurreko lanen modura, teknikoki delicatessen txiki bat iruditu zait, baina ez nuen gutxiagorik espero. Hasteko, Javi Agirre maisuaren argazki zuzendaritzaz lagunduta, lan bisuala paregabea iruditu zait orokorrean. 30 urteko epean eta ia kokaleku berean jazotzen den istorioak, irudi aldetik, zailtasun ugari planteatuko zituela pentsatzen dut, eta ez dut inolako gabeziarik antzeman; horren ordez, jarraikortasun luminikoa erabatekoa da, eta denboraren joan-etorriaren sentsazioa guztiz iristen zaio ikusleari. Soinuak ere bereziki harritu nau. Narrazioan erabateko garrantzia hartzen duela iruditzen zait, batez ere, De la Torreren ikuspuntuan kokatzen garen bakoitzean eta bere pertsonaiaren beldur horiek zuzenean ikusleari iristen zaizkionean, hein handi batean, -beti bezala- bere interpretazio zoragarriaz lagunduta, jakina. Dena den, Paquita Salas telesailean barre algarak eragin dizkigun Belen Cuesta aktorea nabarmenduko nuke. Harrituta utzi nau, ez bainuen alderdi dramatikoa lantzeko duen gaitasuna ezagutzen.

Aitorpen txiki batekin amaituko dut: zuzendari-sortzaile hauen jarraitzailetzat dut nire burua. Ez dakit kritika baten amaierarako adierazpen egokiena ote den, baina hori esan ostean, beste azpi-aitorpen bat jaurtitzeko baimena eskatu nahi dizuet: zirrikiturik gabeko gidoi landu baten babesean burututako film oso interesgarria iruditu zaidan arren, teknikoki hutsik gabekoa eta gai aldetik eztabaidarako uneak sortuko dituena, haien filmografiako nire pelikula kuttunena Loreak da, oraindik. Hark zuen emozioa faltan bota dut hemen, eta oso gustura ikusi dudan arren, ez nau hainbeste hunkitu.

Loreak filmak euskal zinemagintza ikusteko modua aldatu zuela iruditzen zait. Handia, aldiz, mugarri izan zen zentzu askotan, eta ez bakarrik sariak eskuratzerako orduan. La Trinchera Infinita-ren kasuan, ez dakit besteak bezain urrun iritsiko ote den, baina ziur dakidana zera da: Donostia Zinemaldiko izarren artean Garaño, Goenaga eta Arregiren izenak inoiz baino distira handiagoarekin ikusi ditugula, eta batez ere, nazioarteko zeru zabalean.