La Trinchera Infinita filmaren lan-taldea. (Argazkia: Donostia Zinemaldia / Pablo Gómez)

Sail Ofiziala osatzen duten gainerako nazioarteko filmen pareko, aktore eta ekoizleeek lagunduta aurkeztu dute gaur Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik La trinchera infinita pelikula. Filmak atzo izan zuen publiko aurreko lehen emanaldia, iluntze aldera, Principe zinema-aretoaren epelean, baina gaurko egunez egin dute prentsaurreko agerraldia.

Antonio de la Torre, Belen Cuesta eta Vicente Vergara aktoreek, eta Olmo Figueredo zein Xabier Berzosa ekoizleek osatu dute oholtza gainean filma ordezkatu eta hiru zuzendariak babestu dituen taldea. Pozik azaldu dira guztiak emaitza finalarekin, eta euskaldunak eta aldaluziarrak nahastu eta elkarlanean aritu izanaren onurak azpimarratu dituzte. “Zalantzak genituen gure konfort-zonatik ateratzen ginelako, Andaluziako istorio bat kontatzera gindoazelako… eta kezka genuen jendeak zer esango ote zigun. Baina film orok du bere erronka, ez dago film txikirik”, adierazi du Aitor Arregik, “Oso garrantzitsua zen guretzat talde teknikoak eta artistikoak elkar ezagutzea eta gure arteko harremana indartzea. Hala beldurra uxatu genuen. Eta aktoreek egindako lana eta haien inplikazioa ikaragarria izan ziren”.

Olmo Figueredo ekoizleak, aldiz, harreman luze baten hasiera gisatzat jo du proiektua ahalbidetu duen lankidetza: “30 años de oscuridad errodatu genuenean egin genuen Xabier Berzosak eta nik topo lehen aldiz. Baina lehen aldia da neurri honetako ezer egiten digula. Espero dut luzera joko duela Iparralde – Hegoalde sinergia honek, argi baitago emaitza ezin hobea dela”.

Filmaren aspektu teknikoak edota hizkuntzaren trataera izan dira mahai gainera atera diren beste gai batzuk. “Aldaketa asko, giro nahasgarri bat erakutsi nahi genuen. Antsietatea iradoki, kanpoan gertatzen ari zena ez jakitearen uduritasuna. Plano aldaketa ugari, bapateko mozketak… Hori baita protagonistaren ikuspegia, dena moztuta, zatikatua, erdizka ikusten duela”, azaldu du Garañok. Hizkuntza andaluziarraren trataeran egindako ahalegina izan du gogoan Belen Cuesta aktoreak: “Oso lan zorrotza egin dugu hizkuntzari dagokionean: gurasoengandik jasotakoak, herrietako esamoldeak… hartu ditugu. Eta azentua oso garrantzitsua izan da”. “Nik ezagutzen dudan artzain batek, esaterako, filmean erabilitako esaldi bat oparitu zigun”, gehitu du Antonio de la Torrek. Olmo Figueredok ekoizlearen hitzek borobildu dute erantzuna: “Eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen, hiru euskaldun etorri behar izan direlako Andaluziar hizkuntzaren tratamendua balioan jarri eta zaintzera”.

Konfor-eremutik aldendu izanaren inguruko galdera jaso dute saioaren amaieran, Euskal Herritik kanpo errodatu eta gazteleraz lan egitearen hautuaz: “Konfort-espaziotik urruntzearena ez da estrategia aldaketa bat izan. Badugu proiektu bat gazteleraz, beste bat katalanez… batzuetan ideia ugari jarri behar dira martxan bakar batek aurrera egin dezan. Bide horretan, aterako den istorioak markatuko du egingo dugun hurrengo lanaren hizkuntza”