Ezin ukatu euskal zinemagintzak loraldia bizi duenik. Bada zeri kantatu, eta badugu nori kontatu. Euskal ekoizpenak inoiz bano ugariagoak izango dira 67. Donostia Zinemaldian, eta horren berri emateko asmoz ekin genion atzo Zurriolako Butaka programaren saio-sorta berriari.
Jaialdiari eskainitako euskara hutsezko ekoizpen bakarra izango da, eta ZINEAren atarian, IRUTXULOKO HITZA, GAZTEZULO eta BERRIA hedabideen webguneetan eta HAMAIKA nahiz KANALDUDE telebista kateetan ikusi ahalko da. Egunero 19:00etatik aurrera zabalduko dugu Internet bidez, Kanaldudek, bere aldetik, 20:00etan emitituko du, eta Hamaikak 22:00etan. Horrez gain, #Zbutaka traola erabiliko dugu saioko kideek gure jarduna sareetan zabaltzeko.
Bada, gaurkoan, Maider Fernandez Iriarte eta Maddi Barber zinemagileen txanda izan da. Lehenak Las letras de Jordi dokumental esperimentala aurkeztu du Zuzendari Berriak sailean, eta bigarrenaren Urpean lurra Zabaltegi-Tabakalera atalean lehian ari da. Jarraian, Pello Gutierrez zinemagile, ekoizle eta Euskarazko Zinemaren Irizar Saria emango duen epaimahiko burua izan da saioan.
Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko zuzendari ordeari egindako elkarrizketa, Kanalduderen ZINETIKA atala, Imanol Gallegoren zinema kritika, gaur bertan Donostia saria jasoko duen Costa-Gavras zinemagilearen soslaia eta Donostiako Zinemaldi Alternatiboa ere eguneko programazioan izan dira. Eta azken minutuetan Gaizka Izagirre Gaztezulo aldizkariko zuzendariarekin solasean aritu da Urtzi Urkizu.
Jarraian, beraz, 67. Donostia Zinemaldiko bigarren Zurriolako Butaka saioa: