Bosgarren urtez jarraian, Espainiako Lankidetza saria sustatuko du AECIDek (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak) Donostia Zinemaldiarekin batera, giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako filmarentzat. Iralaren 28an banatuko dute, 67. Edizioaren amaiera ekitaldian.
AECIDek eta Donostia Zinemaldiak Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industria sustatzeko hitzartutako aliantzaren barruan kokatuta dago sariaren banaketa, duela bost urte sortu zen . Giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako filmaren ekoizleak jasotzen du saria, eta atal askotariko filmak izan ohi dira hautagai.
Bosgarren urte honetan, 10.000 euroko ordainarekin hornituta helduko da saria, Donostia Zinemaldiaren eta Kanpo Gaietarako, Europar Batasunerako eta Lankidetzarako Ministerioaren mendeko AECIDen arteko lankidetzaren fruitu, eta Sail Ofizialeko eta Horizontes Latinos saileko filmek izango dute hura eskuratzeko aukera. Zehazki, honako hauek izango dira hautagaiak:
Sail ofiziala:
- La odisea de los giles / Heroic Losers – Sebastián Borensztein
- Mano de obra / Workforce – David Zonana
- Pacificado / Pacified – Paxton Winters
Horizontes Latinos:
- Agosto / August – Armando Capó
- La cordillera de los sueños / The Cordillera of Dreams – Patricio Guzmán
- La ola verde (Que sea ley) / Let It Be Law – Juan Solanas
- Nuestras madres / Our Mothers – Cesar Díaz
Hiru kidez osaturiko epaimahai batek erabakiko du irabazlea: Cristina del Moral, AECIDeko Lankidetza eta Kultura Sustapenerako saileko ondoko zuzendaria; Mikel Diez Sarasola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nazioarteko Lankidetzarako zuzendaria; Ione Hernández zinemagilea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gipuzkoa Coopera lankidetza proiektua garatzen du Zinemaldiarekin.