Egiari zor, edo ez…

Iaz Donostia Saria jaso zuen Hirokazu Koreedaren azken lanak inauguratu du aurtengo Mostra. La Vérité izena du, eta kasualitatea izan edo ez, jaialdiko progamatzaileek nahita egin ote duten edo ez… eztabaidak zinema zaletu ororen ahotan iraun du aste t’erdiz. Izan ere, La Vériték, lehena izanagatik ere, sail ofizialean lehiatu diren beste pelikula ia guztietan jorratzen diren gai eta auziak hartuko ditu beregain: Egia bera, eta emakumeak.

Fabienne (Catherine Deneuve) aktoreak idatzitako autobiografiaren argitalpena dela eta, familia osoa elkartuko da Parisen. Gidoigilea den Lumir alaba (Juliette Binoche) eta bere senarra (Ethan Hawke) izango dira gonbidatu bereziak, eta estali gabeko zauriek hartuko dute protagonismoa ama-alabaren arteko etengabeko liskarretan. Fabienneneren etxean eta filmatzen ari den pelikularen estudioetan gauzatuko da filma, hala, ispilu jokoa nagusituko da ekoizpenean: errealitateak –egiak- eta fikzioak –gezurrak- bat egin al dezakete? Izan al daiteke zinema bera ezkutuan dauden egien bozgorailu? Pertsonaia guztiek izango dute zerbait gordean, benetakoa ez den rol bat antzeztuko dute familiako kideen aurrean. Gezurra izango dute bizitzaren motor, eta horrek bihurtuko du bakoitza berekoi.

Koreedaren lehen filma da Japoniatik kanpo, eta ikusmin handia sortu du horrek adituengan. “Gai izango ote da”, galdegiten zuten batzuek, eta erantzuna baiezkoa izan da, zalantzarik gabe. Filmak guztiz errespetatzen du orain arte Koreedak mantendu duen estilo intimista, familiarra. Behin baino gehiagotan alderatu izan duten Yasujiro Ozuk egin bezala, familiarteko harremanak (bere filmografiaren ardatza den gaia) jorratzeko sotiltasuna izango du Manbiki Kazokuren (Shoplifters) zuzendariak bertute. Zinegile askok atzerrira salto hau ematerakoan huts egin dutela jakinda, lan borobil bat aurkezten asmatuko ote zuen? Gai izan da.

Nubohiro Suwak Le lion est mort ce soir (2017) filmean Jean-Pierre Leaud aktore frantziarrarekin egin bezala, La Véritén Catherine Deneuven pertsonaiaren (eta irudiaren) inguruan erroturik eraiki du Koreedak bere lana, garai batean denon ahotan zebilen eta zinemaren historian ahaztezina izango den aktorearen lana aldarrikatuz, balorean jarriz. Emakumezko aktore onenari ematen dioten Volpi Kopa Ariane Ascaridek (Gloria Mundi, Robert Guédiguian) jaso badu ere, Deneuvenena izan da jaialdiko interpretaziorik sentikorrena, sakonena eta maitagarriena.

Gehiegi desbideratu gabe, Veneziako Mostrak aurten utzitako ondarea aztertzen jarrai dezagun. Esan bezala, La Vériték piztu du sua Lidon, eta saririk jaso gabe gelditu bada ere, haren aztarnak nonahi aurki daitezke. Esaterako Noah Baumbach estatubatuarraren Marriage Story edota  Pablo Larrainen Ema filmetan. Emakumeak erdigunean jarriz, bi film horiek adierazpen artistiko ezberdinak utzi dizkigute Lidon.

Banaketa prozesu mingarri pertsonalak sortu dizkion emozioen inguruan hausnarketa egiteko erabili du Noah Baumbach estatubatuarrak Marriage Story. Adam Driver eta Scarlett Johansson aktoreak izan ditu filmeko bikotea haragitzen eta haustura dramatiko baten kronika egingo du bataren zein bestearen ikuspuntuak tartekatuz. Bikotearen indarguneak azaltzen dituen idazki baten irakurketarekin hasiko da pelikula, elkarrekin bizitako momentu zoriontsuenak gogoratzen dituen irudi-muntaketa erritmiko batek lagunduta.

Antzerki zuzendaria da gizona, aktorea emakumea, eta banaketaren ostean bide ezberdinak jarraitu nahiko dituzte. New Yorken gelditu nahiko du lehenak, eta zineman aproba egiteko asmoz Los Angelesera lekualdatuko da bigarrena. Hala, pertsonena ez ezik, bi hirien arteko borroka historikoa ere mahaigainertuko du Baumachek, irudiaren tratamenduaren bitartez eta musika mota zein erabileraren bitartez. Ideia honekin zuzenean lotuta dago ere emakumeek XXI. mendean bizi duten errealitatea, izan ere, Johanssonen pertsonaia Los Angelesera ametsetako aukera baten bila joango da. Erabakitzeko eta aske izateko eskubidean sinistuta, gizonen, edo orokorrean, beste norbaiten menpe egote horrek gaur egun zentzurik ez duela aldarrikatzen duen bidaia izango da berarena.

Baina banaketa prozesuen atzean dagoen negozioa ere gogor kritikatuko du zuzendariak. Abokatuek beraien bezeroen interesak defendatu ordez egoera baliatuz etekina ateratzea helburu dutela salatuko du, dibortzioetan duen jokabide oldarkor eta zikina ere agerian utziz. Hala, zuzendari estatubatuarraren kamerak bi protagonisten aurpegiak bilatuko ditu, beraiena ez den borroka zikinetik isolatuz. Filmaren momenturik gorena baina, oraindik ere senar-emazte direnen arteko eztabaia beroa izango da. Abokatuen intentzioen presiopean guztiz hustuko dira lehia interpretatibo zoragarri batean. Egia azaleratuko dute biek, barrenean ezkutaturik izan dituzten sentimendu kontrajarri eta mingarriak.

Bestalde, eta jaialdiak eman duenari egindako errepasoa bukatzeko, Pablo Larraínen Ema aipatu beharra daukat. Film errebeldea da, ausarta, eta emakumearen askatasunaz mintzo dena. Emak (Maria Di Girolamo) eta bere dantza irakasle den Gastonek (Gael Garcia Bernal) iraganean adopzioan hartu zuten haurra abandonatuko dute, eta erabakiak bikotearen harremana etengo du. Pixkanaka-pixkanaka gainera, neskatoa errudun sentitzen hasiko da eta galdutako semea berreskuratzeko ahaleginak egingo ditu, nahi horrek krisi sakon eta existentzial batean murgilduko badu ere.

Guztiz pelikula musikala da, eta horren adibide da lehen zatia. Iaz Donostia Zinemaldian Iciar Bollainek aurkeztutako Yulik zein Luca Guadagninoren Suspiriak bezala, dantza ikuskizunak izango ditu oinarri. Hala ere, istorioa garatzen joan ahala gutxitzen joango da dantzaldien garrantzia, bi pertsonaien (eta era berean, gizartea ulertzeko moduen) ezberdintasunak nabarmenduz. Gaston adinez Ema baino zaharragoa da, eta ez da gai izango millenian izenez ezagutzen den belaunaldiaren kezkak, sexualitate edota familia eredu berriak barneratzeko. Bikotea bananduz joan ahala, Emak adierazpen artistiko berriak ezagutuko ditu, hala nola, reggaetoia. Eta berau izango da filmaren ardatza. Zilegizkoa al da reggaetoia (dantza estilo gisa, hitzak kontuan izan gabe) askatasunarekin lotzea? Zuzendari txiletarrak baiezkoaren alde egingo du, neska gaztaren aldeko apustua eginez. Baina askatasun hori ez du dantzaren bitartez bakarrik aldarrikatuko, kolore entsalada bizi eta indartsuen bonbardaketaren laguntzarekin baizik.

Honaino 76. Veneziako Mostrak eman duen onenari egindako errepasoa. Hamaika egunez etengabe filmak ikusi eta ikusi ostean, burua non dudala ere ez dakidala etxera bueltatu eta gero idatzitakoa. Beraz baliteke pelikulak nahastu izana, interpretazio desegokiak egin izana edota zerbait asmatu izana. Horregatik, ikusmin handiz itxaroten dut film hauen estreinaldi komertziala, eta nola ez, atari honetako kritikarien zein zaletuen testuak edo iritziak irakurtzea.