Veneziako Mostratik bueltan sentitzen dudan nostalgia mingarri hau gainditzeko modu bakarra zeresana eman duten sail ofizialeko filmei buruz idatziz jaialdia astebetez luzatzea da. Beraz, jarraian datozen kontuak ez dira kronika tradizional baten parte, aipatutako nostalgia horri aurre egiteko erremedioa baizik:

Netflix aferak gogorki astindu zuen iaz zinema jaialdien zirkuitua, eta horren adibide da Cannesen eta Venezian zuzendariek hartu zituzten erabakiak: Frantzian guztiz debekatu zituen Thierry Frémauxek zerbitzu digitaleko ekoizpenak, Alberto Barberak aldiz, eskuzabaltasunez barneratu zituen programazioan, eta Roma (Alfonso Cuaron, 2018) garaile izan zen gainera. Aurten baina, polemika bestelako norabide batetatik iritsi da Lidora: Lucrecia Martel epaimahaiburuak Roman Polanskiren J’Acusse filmaren aurkezpenera joango ez zela iragarri zuen jaialdia hasi aurretik, zuzendari poloniarrak 1977an egindako bortxaketaren auzia zabalik dagoela kontuan izanik.

Urrezko Lehoia irabazteko lehiatik kanpo geratuko zela ziurra zen, baina sari bikoitza jasoko zuela ez zuen ia inortxok ere espero. Nazioarteko Zinema Kritikarien Elkarteak Fipresci saria eman dio, eta miresmenez betetako hitzez osatu dituzte kazetariek beraien kronikak. Bestalde, epaimahaiak ezin izan du poloniarraren filma saririk gabe utzi, eta Sari Nagusia ematea beste aukerarik ez du izan. Taula gainera Emmanuelle Seigner emaztea igo zen garaikurra hartzera. Alfred Dreyfus (Louis Garrel) koronela frantziar armadatik baztertua nola izan zen kontatuko du filmak, bere defentsan, Émile Zola idazleak gutun ireki batean idatzitako akusazio historikoak herrialdea eta mundua nola nahasi zituen ere erakutsiz.

Jaialdi oso heterogeneoa izan da aurtengoa, eta sail ofizialeko filmek hala erakutsi dute. Kazetarien artean ere desadostasunak izan dira nagusi. Hala ere, aipatutako J’acusse lanaz gain, bi pelikulek baino ez dute lortu adituek eta zaletuek bat egitea: Todd Phillipsen Jokerrek eta Pietro Marcelloren Martin Edenek.

Adostasuna, onean zein txarrean

Herritar marjinatu eta zauritu baten lehertzea kontatuko du Joker filmak eta txalo zaparrada izugarriak jaso ditu proiektatua izan den emanaldi bakoitzean. Bada, berak eraman du aurtengo Urrezko Lehoia, Lido uhartea mutu utzi ostean. Ezaguna da dagoeneko Jokerra, Batman superheroiaren antagonista, istorioko gaizkilea, ongiaren mehatxu. Baina Todd Phillipsek bestelako irakurketa bat egin nahi izan du bere ekoizpenean, eta lehen aldiz komiki pertsonaia baten istorioak lehen mailako zinema jaialdi batetako sari gorena eskuratzea lortu du. Zein da Joaquin Phoenixek bikain haragitutako Arthur Flecken asmoa? Justizia, mendekua… Filma ikusten duzuenean zuek erabaki!

Pelikularen gakoa zein den ulertzeko baina, zuzendariaren planteamendua ezagutzea ezinbestekoa da. Phillipsek gizarteak baztertutako pertsona patetiko eta gaixo gisa aurkeztuko du Arthur Fleck, eta pixkanaka-pixkanaka berak bizi duen egoerarekin enpatia sentitzera behartuko du ikuslea, humanizatu egingo du. Baina inposatutako zoriontasunaren gizarteari kritika egiten ari den bitartean zinegileak bere pertsonaia indartuko du ere. Martin Scorseseren Taxi Driver (1976) eta The King of Comedy (1982) filmei egindako erreferentzia zuzen eta esplizituak erabiliz –Robert De Niroren agerpenarekin joko testual ederra proposatzen du-, New York zikin eta ustela erakutsiko du, depresiboa, literalki arratoi plaga batek hartua duena. Soinu bandak ere gizaki goibel eta zorigaiztokoaren ideia hori azpimarratuko du, tristura eta abaildura puntu bat esleitzen baitio. Nor da Artuhur Fleck? Edota, zer da? Sistemaren biktima bat. Premisa honi jarraiki Joker gaizkile historikoa antiheroi izatetik heroi izatera pasatuko da berak hala nahi izan gabe.

Zurrumurruek garaile Martin Eden filma izango zela zioten, eta ez da harritzekoa. Ah zelako pelikula puzka! Gizonezko aktore onenari ematen dioten Volpi Kopa Luca Marinellirentzat izango zela baieztatu zenean, zurrumurruak etsipen bilakatu ziren hainbatentzat. Fikziozko bigarren film luzea du Pietro Marcellok, eta jada zinema italiarrak duen zuzendari miretsienetako bat da. Bella e perduta (2015) gogoangarrian bezala, unibertso poetikoak ikusleak liluratu ditu Venezian. Jack London idazlearen izen bereko autobiografiaren egokitzapen libre da Martin Eden, XX. mende hasierako Kaliforniatik mende bukaerako Napolesera ekarritakoa. Munduan bere tokia bilatzen duen marinel ameslari baten bizitza du mintzagai, eta filmean interpretatzea egokitu zaion rola gaurkotuz, Marinellik  saria jasotzerakoan aukera aprobetxatu zuen bere mezu aldarrikatzailea bezain ederra botatzeko: “Jack Londoni eskaini nahi diot sari hau, Marin Edenen, egia bilatzen tematu zen marinel baten, figura sortu duenari. Baina baita itsasoan ihesean dauden pertsonak laguntzen dabiltzan horiei ere […] Gora gizatasuna eta gora maitasuna!”.

Hain zuzen ere, “laguntza” hori da filmaren gakoa, eta Martin Edenen bizitza guztiz aldatzen duena pelikulan. Jipoi izugarria jasotzen ari den mutiko bati laguntza eskaini izanagatik honen familiak etxean hartuko du Eden marinela, eta mutikoaren arreba den Elenaz (Jessica Cressy) maiteminduko da. Irakurzaletasuna piztuko dio honek, kulturalki jantzia izateko nahia izango du, eta idazle intelektual bihurtuko da urteek aurrera egin ahala. Filmaren handitasuna baina, zuzendariak pertsonaiari ematen dion biraketan datza. Iluntasunera eramango du Marcellok Eden, autosuntsipenera. Indibidualismoaren arriskuak azaleratuko ditu filmak, elkartasun falta, baina baita sozialismoaren utopia ere. Ikusleak pertsonaia maitatzetik guztiz baztertzera igaroko dira, eta aktore nagusiaren begiradak, zuzendariak Marinelli filmatzeko duen trebetasunak du errua.

Eszenaratzeak ere indar handia dauka. Dispositibo zinematografikoak ahalbidetu dizkion baliabide eta irtenbide guztiak konjugatzen asmatu du zinegile italiarrak. Pertsonaiak ez du narrazio klasiko batean bezala bidaia homeriko bat jarraituko. Zuzendariak ikuslea nahastea du helburu, Martin Edenen pentsamendu eta nahi kaotikoekin bat eginez. Nahasmendu organikoak hara eta hona darama pertsonaia, eta estrategia honek erakargarri bihurtuko du italiarraren egokitzapena. Estilista handia dela berretsi du Marcellok, eta aktore bikaina Marinellik.

Baina adostasunak zentzurik okerrenean ere izan dira. Aho batez, Venezian The Painted Bird (Václav Marhoul) ikusi dutenek filma gorrotatu dute, beharrezkoa ez zen ikuskizun exhibizionista krudela dela argudiatuz. Jerzy Kosinski idazte poloniarraren izen bereko eleberriaren egokitzapen honek Bigarren Mundu Gerran bakarrik bizirautea egokitu zaion haur hebrear baten odisea beldurgarria kontatuko du. Isiltasuna izango da haurraren noraezeko bidaian nagusi, ez da ia elkarrizketarik egongo, protagonistak berak ez du ahoa zabaldu ere egingo. Sufrimenduaren ispilu mutua izango da. Indarkeria, heriotza eta nazka aurkituko ditu etengabe, gerraren ondorio latzak. Eta dena zuri-beltz ikusgarrian, hori bai.

Filma ikusi dutenak nazkatu dituena eszenaratzea izan da. Beharrezkoa al da krudeltasuna goratzea eta inongo filtrorik gabe? Jacques Rivette kritikari frantziarrak Gillo Pontecorvo zuzendariaren Kapò (1960) filmari buruz esandako hitz historikoak gogoratu dituzte askok eta askok, Emmanuelle Rivaren pertsonaiaren heriotza filmatzerakoan egin zuen travelling eta berrenkoadre polemikoaren auzia berrartuz. The Painted Birden  horrorea ez da eszena bakar batean soilik “eder” (zentzu zinematografikoan ulertuta, konuz) bakarrik erakusten, baizik eta hiru orduko joan-etorri pornografikoan baizik. Beraz, zuzendariaren intentzioa László Nemesek Saul fian (Son of Saul, 2015) egin bezala gertakizun latz haiek modu originalean kontatzea baldin bazen (berari galdetu beharko genioke zein asmo izan duen) badirudi ez duela asmatu.