Bada alternatibarik. Hamaikagarren edizioa ospatuko du “zinema eta gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena” uztartzen dituen Zinemaldi Alternatiboak. Irailaren 20tik urriaren 1era bitartean egingo dituzte saioak, aldarrikatzen duten erresistentziaren lubaki diren hiriko gaztetxe eta elkarteetan.

“Hamaikagarren edizioa ospatuko du Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Eta beste hamaika ospatzeko gogorik ez da falta!”, azaldu duten prentsari igorritako hausnarketa testu batean, “talde gogoeta izateko tresna izateaz gain, hango eta haragoko erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu ere izan nahi dugu”. Azken urteetan Donostia plato erraldoia bilakatu izanaren aurrean, geldirik ez geratzeko asmoa adierazi, eta argazkian irten baino, gizartearen ondasun zein miseriak kontatu, aditu eta ezagutzeko modu berri bat aldarrikatu dute.

2006an sortu zenetik urtero antolatu dute, hiriko hainbat kokapenetan. Aurten, Letaman (Intxaurrondo), Kijera (Parte Zaharra) eta Txantxarreka (Antigua) gaztetxeetan, Marruma Elkartean (Gros), Firestone Lantegi Berreskuratuan (Añorga) eta Txoko Internazionalistan (Egia) eskainiko dituzte emanaldiak.

Egunez eguneko egitarau aberatsa atondu dute, berezitasun gisa, zendu berri den Iñigo Muguruzari egindako omenaldi bat hartuko duena ere. Irailaren 27an egingo dute, Antiguoko Txantxarreka gaztetxean, eta LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala proiektatuko dute, bertan elkarrizketatuetako bat Iñigo bera delarik. Emanaldiaren aurretik, gainera, Muguruzaren Nahia film laburra ere pantailaratuko dute. Gainontzean, Katalunia disidentearen historia islatzen duen Poble Rebel; Kanaria Handiko etxebizitzen ereduari buruzko Precaristas; Joxean`s Hil Eben,  Ataun Of The Dead  eta Napardeath  filmek osaturiko euskal zonbien trilogia; eta turismoak Balear Irletan eragindako kalte eta ondorioei buruzko Tot Inclós dokumentala izango dira, besteak beste, ikusgai.

Ondorengoa, bada, egunez eguneko filmen banaketa:

  • Ostirala 20, Letaman gaztetxean (Intxaurrondo)
    Poble Rebel dokumentala, Katalunia disidentearen historia 73tik. Ondoren solasaldia Kataluniako egoeraren berri zuzena duten lagunekin.
  • Astelehena 23, Kijera gaztetxean (Parte Zaharra)
    Precaristas, Kanaria Handiko etxebizitzaren egoerari eta Sindicato de Inquilinas de Gran Canariaren antolakuntzari buruzko dokumentala.
  • Asteartea 24, Marruma Elkartean (Gros)
    MARRUMA KULTURALAK ekimenaren eskutik, Joxean`s Hil Eben eta Ataun Of The Dead filmak.
  • Asteazkena 25, Marruma Elkartean (Gros)
    MARRUMA KULTURALAK ekimenaren eskutik, Napardeath filma.
  • Osteguna 26, Kijera gaztetxean (Parte Zaharra)
    BIZILAGUNEKIN plataformaren eskutik, Tot Inclós dokumentala, turismoak Balear Irletan eragindako kalteei eta ondorioei buruz,
  • Ostirala 27, Txantxarreka gaztetxean (Antigua)
    LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala + Iñigo Muguruzak zuzenduriko Nahia laburmetraia.
  • Irailak 29, Firestone Lantegi Berreskuratuan (Añorga)
    Bide zuzena, ibilbide OKERRAK dokumentala, Gasteizko LGTBQ mugimendua 1993-2018. Ondoren, solasaldia zuzendariarekin eta Harroko kideekin.
  • Urriak 1, Txoko Internazionalistan (Egia)
    Komite Internazionalistaren eskutik, Yallah Yalla dokumentala, Ondoren solasaldia Cristian Pirovano zuzendari argentinarrarekin.