Urriaren 26an abiatuko dute Donostian 30. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, El hoyo (2019) euskal filmaren proiekzioarekin. Irekiera filmaz gain, programazioaren aurrerapen bat eta sarreren salmenten inguruko argibideak aurkeztu dituzte.

‘El Hoyo’ filmaren fotograma, Ivan Massague protagonistarekin.

Bi pertsona mailako. Maila-kopuru ezezagun bat. Plataforma bat janariarekin haientzat guztientzat. Goian daudenean gehiegi pentsatzen duten horietako bat zara? Edo behean daudenean ausardiarik ez duten horietako bat? Horretaz beranduegi jabetuz gero, ez zara zulotik bizirik irtengo. Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren lehen film luzea da El Hoyo; David Desolak eta Pedro Riverok idatzi dute gidoia, eta Ivan Massague, Antonia San Juan, Zorion Eguileor, Emilio Buale eta Alexandra Masangkay dira protagonistak. Gipuzkoako hiriburuko Antzoki Zaharrean ospatuko den proiekzioarekin emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaren erakustaldiari.

Horrez gain, sail ofiziala osatuko duten filmen aurrerapen bat iragarri dute ere zinemaldiko arduradunek. Besteak beste, Hideo Nakata zuzendari japoniarrak lehen aldiz bisitatuko du Donostia. Sadako aurkeztuko du bertan, The Ring saga eguneratzen duen pelikula berria. Beldurrezko generoko zuzendari japoniar gailenetako bat da Nakata 1998an The Ring fundazionala zuzendu zuenetik, eta berak zuzenduak dira ere Dark Water (2002), Kaidan (2007), The Complex (2013) eta Ghost Theater (2015) bezalako hainbat film ospetsu.

Hurrengoak osatzen dute atal nagusian ikusgai izango direnen lehen aurrerapena: Amigo (Oscar Martin, 2019); Bliss (Joe Begos , 2019); Bullets of Justice (Valeri Milev, 2019); Darlin’ (Pollyanna McIntosh, 2019); It Comes / Kuru (Tetsuya Nakashima , 2019); Little Monsters (Abe Forsythe , 2019); The Pool (Ping Lumphapleng , 2018); Rabid (Jen Soska eta Sylvia Soska, 2019); The Room (Christian Volckman , 2019); Vivarium (Lorcan Finnegan, 2019).

Sarrera eta abonuen salmenta

Antzoki Zaharrerako abonuak, Fantasiazko eta Beldurrezko 30. Astekoak, urriaren 18an (16:00etik 20:00era) jarriko dira salgai Antzoki Zaharreko leihatilan. Salneurriak: 82 € (Folk Horror – Lo ancestral y el cine fantástico liburua barne) / 77 € (libururik gabe). Victoria Eugeniarako abonuak, aldiz, (16,50 €) urriaren 21etik, astelehenetik (16:00etatik) aurrera eskuratu ahal izango dira antzokiko leihatilan.

Egun horretan bertan, ordu berean, hasiko dira saltzen sarrera solteak (7,50 €) bi antzokietarako; sarrera solteak bi leihatiletan eskuratu ahal izango dira, baita jaialdiaren webgune ofizialean ere.