Kultura digitalak gure eguneroko errealitatearen esparru guztietan du eragina, eta gure kultura kontsumoa, ezin dezakegu ulertu interfaze digitalik gabe. Kode bitarra entzuten dugun musikan dago, ikusten ditugun filmeetan eta telesailetan. Irakurtzen dugunaren zati handi bat ere, pantaila batetik dator. Eta kultura tradizional-analogiko-ukigarriarekin alderatuz, kultura digitalak hainbat berezitasun ditu.

Berezitasun horien artean, igorle-sortzailearen identitate digitalak sortze-prozesuetan duen garrantzia nabarmendu behar da. Esan daiteke, kultura digitalaren barruan, igorlearen papera eta portaera sortzen duen edukia bezain garrantzitsuak direla. Kultura tradizionalean, ordea, hartzaileak ez du igorlearen rola etengabe aztertzen eta baloratzen, denbora errealean gainera sare sozialei esker.

Kultura digitalean, sortzaileak ezin du bere lanetik urrundu. Eta honek, abantailak eta desabantailak ditu. Horizontaltasunak, igorlea eta hartzailea maila berean egoteak, komunitatearen ideia eragiten du. Eta komunitateak, sortzailearen lana imajinario kolektiboan jarraitzea ahalbidetzen du. Eta horrek, noski, lan horren banaketa eta monetizazioa denboran zehar luzatzea posible egiten du.

Baina, aldi berean, sortzailearen sormen-askatasuna muga dezake. Sortzaileak bere sormen-ibilbidearen norabidea aukeratzeko eskubidea izan behar luke. Batzuetan, bere sormen-erabakiak hutsegite handiak izan daitezke, baina hutsegiteak, ikasteko eta hobetzeko erarik eraginkorrenak dira. Eta kultura digitalaren barruan, sormenezko hutsegite batek filme baten boikota suposa dezake, edo, esate baterako, change.org bidez telesai baten amaiera aldatzeko eskakizuna egitea.