Zinemaldiaren 67. edizioan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkeztu dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. Ohikoa den moduan, Zinemaldiko lehen larunbatean, irailaren 21ean, egingo dute, eta doako sarrera izango du.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotu eta sendotu ari da Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenategi gogokoena da dudarik gabe, ia 2.700 plazako edukieraz. Aurtengoan Juan José Ocón donostiarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna, eta zine eta soinu-banden elkartze jendetsua atonduko du.

Ikus-entzunezko gozamena’ titulua jasoko du aurtengo proposamenak, eta filmetarako musikaren egokitzapenez osatuko da. Ondorengoak dira hautatutako musikagile zein filmak: Manuel Paradaren Nodo. Noticiarios y documentales eta Los ultimos de Filipinas; Pascal Gaigneren Handia eta Errementari; Joseba Beristainen Elkano. Lehen mundu bira; Nani Garciaren Arrugas; eta Vanessa Garderen La gran aventura de los Lunnis y el libro magico. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaz gain,  Landarbaso abesbatza gonbidatu du zuzendariak; haiek aritu baitira Elkano. Lehen mundu biraLa gran aventura de los Lunnis eta Errementari filmetan.

Iazko edizioetan egin bezala, ikusizko elementu osagarri bat gehituko zaio kontzertu sortari: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Morgancrea ekoiztetxeak sortu du kontzertu honetarako espreski. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.

Irekia eta doakoa izango da Belodromorako sarrera, baina gonbidapen bidezkoa. Hala, interesatuek, Kursaaleko eta Okendo plazako informazio-puntuetan jaso beharko dituzte irailaren 14tik 20ra,  9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak proiekzioaren egunean bertan eskuratu ahala izango dira, Belodromoko leihatiletan, goizeko 10:00etatik aurrera.