Donostia Zinemaldia, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia elkarlanean arituko dira hiriaren bereizgarrietako bi lotzeko: zinemarako zaletasuna eta zientzia-espezializazio handia. Akordio horren ondorioz, DIPCeko zientzialariek aurkeztuko dute Belodromoan Gipuzkoako ikastetxeentzat programatuko den filma, Tximinoen erresuma, filma testuinguruan kokatzeko eta ikusleei zientziaren eta ekarpen zientifikoen aldeko irudia helarazteko. Zinemaldiak eta DIPCek elkarrekin aukeratu dute filma, eta euskarara bikoiztuta proiektatuko da.

Euskadiko Filmategiak eta DIPCek 2018an antolatu zuten lehen aldiz zinemari eta zientziari buruzko ziklo bat elkarrekin. Ikusleek oso ongi hartu zuten Hor kanpoan: zinema eta zientzia zikloa, eta horregatik beste ziklo bat antolatu dute aurtengo lehen hiruhilekoan: Ezezaguna: zinema eta zientzia. Horiek guztiek hartzaile helduago batera heltzea izan dute helburu, baina oraingoan haurrak izango dira protagonista nagusiak.

Hala, ikastetxeekin hitzartutako programa dela bide, Belodromoan eskolentzat egingo diren emanaldien antolatzaileetako bat izango da Donostia International Physics Center, ikerketa zientifikoa sustatzen duen fundazioa. Iaz, 79 ikastetxetako 13.300 ikasle inguru hurbildu ziren Belodromoko sei saioetara. Aurten, 2019an, goizez egingo dira emanaldiak, ostiralean (hilak 20) eta astelehenetik ostiralera (irailaren 23tik 27ra, biak barne).

Baterako ekimen hori Tabakalerako prentsaurrekoan aurkeztu zuen atzo. Pedro Miguel Etxenikek, Donostia Physics Centerreko presidenteak: “Belaunaldi berriak hein handi batean zientifikoa eta teknologikoa den kultura batean jaio dira. Aplikazio eta modetatik harago, gure ustez garrantzitsua da zientziaren ekarpenak ezagutzea –nola aldatu den unibertsoari eta geure buruari buruz dugun ikuspegia eta nola hobetu diren gure bizi-baldintzak– eta horien inguruan hausnartzea”.