Marian Fernandez Pascal ekoizle eta Txintxua Films ekoiztetxearen sortzaileak jasoko du aurten Donostiako SADE enpresak emandako saria, urtero zinemaren alorreko profesional baten lana goresten duen garaikurra. Orain arte Donostiako Zinemaldiak, Borja Cobeaga zuzendariak, Golem banaketa etxeko fundatzaile Josetxo Morenok, Koldo Zuazua ekoizleak eta Pascal Gaigne soinu-banden konpositoreak lortu dute aintzatespena.

Nafarroako Unibertsitatean Ikus-Entzunezko Komunikazioa eta New York Universityn zinema ikasi ostean, 1997an Mon petite, mon amour lanarekin eta Zinemaldian estreinatu zen Razielen itzulera laburrarekin abiatu zuen bere ibilbidea Fernandezek. Ordutik, nazioarteko zinema jaialdi ugaritan lehiatu diren eta 150 sari baino gehiago jaso dituzten 24 film labur ekoitzi ditu, La gran carrera, Amona putz! edo Artalde kasu.

Asier Altuna zuzendari eta gidoigilearekin batera Txintxua Films ekoiztetxea sortu zuen 2008an, eta Bertsolari, Amama, Sipo Phantasma, Dantza eta Oreina lan arrakastatsuak osatu dituzte bertatik. Asier Altuna bera, Telmo Esnal eta Koldo Zuazua zinemagile eta gidoilariekin aritu da elkarlanean Fernandez, bereziki.

2018an, halaber, IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidente izendatu zuten, eta Semincin eta Punto de Vista jaialdietan ere aritutakoa da, baita Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean eta Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean epaimahaikide gisa ere. Gainera, eskola eta tailerrak eman ditu Mondragon Unibertsitatean eta Larrotxene kultur etxean.

SADE saria datorren ostegunean, irailak 12an, eskuratuko du Astoria 7 hotelean egingo duten ekitaldian.