Bi dira Filmazpit programara batu dituzten lan berriak: batetik, Ismet Sijarina zuzendariak 2018n aurkeztu zuen Cold November, eta, bestetik, François Ozon frantsesaren Grâce à Dieu (2018). Aurrerantzean, interesa duen ororentzat izango dira filmak eskuragarri, kosturik gabe proiekzioak antolatzeko.
Eusko Jaurlaritzak finantzatutako, eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin Donostia Kulturak kudeatutako programa da Filmazpit. Nazioartean arrakasta erdietsi duten lanak euskaraz eskaintzea du helburu, eta horretarako, euskaraz azpidatziak sortu eta interesa duen edonoren eskura jartzen ditu, tokian tokiko kulturgune, elkarte eta abarretan programatu ahal izateko. Baita etxean bertan azpidatziak deskargatu ahal izateko ere! Haur eta gazteentzako filmak, jaialdi tematikoetan eskainitako laburren bildumak, gai sozialak lantzen dituztenak, zein giza eskubideen urraketak salatzen dituzten ikus-entzunezkoak topa daitezke bertan, dozenaka.
Ismet Sijarina zuzendariaren Cold November (2018) filmak Fadil eta bere familiaren gatazka kontatzen du 90eko hamarkada hasieran Serbiak Kosovoren autonomia indargabetu zuenean. 1990eko hasiera da eta Jugoslavia gainbehera dator. Slobodan Miloševi? Kosovoko autonomiaren gain duen nagusitasuna indartzen ari da eta albaniarrak lanpostuak eta euren hezkuntza erakundeak galtzen ari dira independentziaren aldeko mugimendua sendotzen ari den bitartean. Hainbat herritarrek posizionatzeko beharra sentituko dute, albaniar abertzale edo serbiarren alde.
Filmeko protagonista Fadil (Kushtrim Hoxha) Pristinan bizi da familiarekin. Lan egiten duen fabrikan serbiar nagusi berria izendatzen dutenean, langilee lanuzte mugagabea abiarazten dute. Fadilek ez du bat egingo bere albaniar herrikideekin, eta, hain zuzen, filmak ederki irudikatuko du Fadili erabakiak sortutako klaustrofobia eta etsipena. Filmaren produkzio-diseinua eta girotzea dira arlorik nabarmenenak, pertsonaiek daramatzaten arropetatik hasita garaiko erdi mailako klaseen eraikinetaraino.
Grâce à Dieu Ozon zinemagilearen azken lanari dagokionez, hiru pertsonaia garrantzitsuei behar adinako espazioa aitortzeko eszenaratze ikusgarririk gabeko film xumea dela esan daiteke. Bertan kontatzen dena egiazko gertakarietan oinarrituta dago, eta hainbat pertsona egon dira gidoiaren sorkuntzan aholkulari gisa.
1986 eta 1991 artean, haurrak zirela, Alexandre (Melvil Poupaud), François (Denis Ménochet) eta Emmanuelek (Swann Arlaud) apaizen abusuak jaso zituzten, eta horiek salatzeko abiatuko duten bidaiaren erakusle da filmak. Hiru gizonezkoek bizitza, nahiz gertatutakoari aurre egiteko modu ezberdinak agertuko ditu, eta horrek kontakizun aberatsak ekarriko ditu ikusleen begietara.
Ikusi programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua www.filmazpit.eus webgunean.