Dantza (2018), Telmo Esnal zinegile zarauztarraren hirugarren film luzea,  Iparraldean izango da ikusgai irailaren 4tik aurrera. Gabarra Films izango da distribuzioaren arduraduna, eta “gaualdi bereziak” iragarri dituzte.

Dantza tradizionalaren unibertso hipnotikoa irudikatu du filmak. 250 dantzari baino gehiagok hartu dute parte tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei gorazarre egiten dion kantu poetiko honetan. Asmo handiko sormen-apustua egin zuen Esnalek, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltzekin elkarlanean. Izan ere, Jauregik zuzendu zituen bertan islatzen diren unibertso estetiko zein bisualak, eta Urbeltzenak izan dira ikuskizun filmatua gorpuztu duten koreografiak.

Bada, aurkezpen eta estreinaldi bira txikia atondu dute EKE – Euskal Kultura Erakundearekin lakidetzaz. Ondorengoak dira programatu dituzten hitzorduak:

  • Abuztuaren 30a, ostirala, Biarritzeko Le Royal zinegelan
  • Irailaren 10a, asteartea, Baionako Atalante zinegelan
  • Irailaren 20a, ostirala, Donapaleuko Saint-Louis zinegelan
  • Irailaren 21a, larunbata, Hendaiako Les Variétés zinegelan
  • Urriaren 3a, osteguna, Hazparneko Haritz Barne zinegelan
  • Urriaren 4a, ostirala, Kanboko l’Aiglon zinegelan
  • Urriaren 5a, larunbata, Donibane Garaziko Le Vauban zinegelan