21 filmek eta 2 proiektuk osatuko dute Donostia Zinemaldiaren  67. edizioak bere gain hartuko duen euskal ekoizpenen multzoa. Halaber, Jose Maria ‘Txepe’ Larak jasoko du Zinemira saria.

“Gaurko eguna bereziki gustatzen zaigu euskal zinemaren adierazle garbia delako”, goxo abiatu du Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldian parte hartuko duten euskal proiektuen aurkezpena. Hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatuko dute 67. Donostia Zinemaldian hautatutako euskal ekoizpena. Sail Ofizialean, News Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta euskal zinemaren eta EITBren galetan ikusi ahal izango dira guztiak, eta haietako bederatzi (munduko estreinaldia Zinemaldian izango dutenak) Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira. Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, aldiz, horietako hamar ekoizpen hartu ditu barnean, fikzioa eta ez-fikzioa, opera primak eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak bilduta.

Helena Tabernaren Varados-ek emango dio hasiera sailari. Zinemaldiak Tabernaren hainbat film programatu ditu azken urteotan: besteak beste, Yoyes (Made in Spain, 2000), La buena nueva (Berri ona, Made in Spain, 2009) eta Acantilado (Zinemira, 2016). Atenaseko eraikin okupatuetan eta errefuxiatu eremuetan bizirauten duten pertsonen egunerokoa islatuko du Varados filmarekin.

Glittering Misfits Iban del Camporen lehen film luzea da, nahiz eta Kimuaken hautatuak izan diren hainbat proiekturengaitik aspaldiko ezaguna duten jaialdian. New Yorkeko off-off Broadwayko nightclub eta kabaretak esploratzeko bidaia batean abiatu da Dirty Martinik zirriborratutako gaian sakontzeko. Ipar Euskal Herritik iritsia, Hiru uhinak Les trois vagues aurkeztuko du Loïc Legrand zuzendariak. Bertan, hiru zinemagilek kondaira zahar bat iruditan kontatzeko erronkari egin beharko diote aurre. Euskal Herrian aski ezaguna dugun hiru olatuen kondaira, hain zuzen. Taberna, Del Campo eta Legrand Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian izango dira.

Bestalde, El doble más quince-k, Mikel Ruedaren film berriak lehiaketaz kanpo parte hartuko du sailean. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2017) hautatutako proiektuetako bat izan zen, eta Malagako zinema-jaialdian izan zuen estreinaldia. 45 urteko emakume baten eta 16 urteko mutil baten arteko harremana jaso du.

Sailean ikusiko da ere Muga deitzen da pausoa. Maider Oleagak Ikusmira Berriak egonaldi-programaren lehenengo urtean garatu zuen proiektu hori, eta Gijongo zinema-jaialdian estreinatu zuten iazko urte amaieran. Bestalde, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako Soinujolearen semea aurkeztuko du Fernando Bernuések. Zinemiran ikusiko dugu, halaber, Juanmi Gutiérrezen azken filma, Paseko txoriak. Aurtengo otsailean hil zen eta 67. Zinemaldiak omenaldia egin nahi izan dio horrela.

70 binlandens Koldo Serra bilbotarraren hirugarren film luzea izan zen. Emma Suarez, Nathalie Poza eta Hugo Silva dira Sitgeseko zinema-jaialdian estreinatutako film horren protagonistak. Bestalde, La pequeña Suiza Kepa Sojoren bigarren film luzea da, euskalduna izan nahi duen Gaztelako herri baten inguruko kontakizun satirikoa. Azkenik, Zinemiran aurkeztuko da Elkano, lehen mundu bira animazio-filma, Angel Alonsok zuzendutakoa.

Gainerako ataletan

Asier Altunak eta Telmo Esnalek Gazteriaren Saria lortu zuten 2005 urtean Aupa Etxebeste! (2005) New Directors sailean aurkeztuta. Hamabost urte beranduago, Agur Etxebeste! filmaren emanaldia hartuko du Euskal Zinemaren Galak. Patrizio Etxebesteren eta haren emazte María Luisaren abentura berriek Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian parte hartuko dute.

Miguel Angel Jimenezek, aldiz, EiTBren galan estreinatuko du euskal ekoizpen onenaren saria lortzeko ere lehiatuko den Una ventana al mar. Filmean, minbizia diagnostiko baten berri izan ondoren Greziarako bidaia egingo duen emakume bat hezurmamitu du Emma Suárezek.

Era berean, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian sartuko dira La trinchera infinita, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Josemari Goenagak zuzendutako filma, Sail Ofizialeko aukeratik; eta Las letras de Jordi, Maider Fernandez Iriarteren lehen lana, New Directors sailetik. Culinary Zineman estreinatutako bi film ere hartuko ditu lehiaketak: batetik, Iñaki Artetaren Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio, Etxebarri erretegiko sukaldariaren nortasunari buruzkoa; eta, bestetik, Mikel Urretabizkaiaren Gazta, Idiazabal gaztaren unibertsoarekin lotutako lekukotzak bildu dituen filma.

Zinemaldian beste euskal ekoizpen hauek ikusi ahal izango dira, halaber, nahiz eta Irizar saila lortzeko hautagaien zerrendan ageri ez: Ion de Sosaren eta Chema García Ibarraren Leyenda dorada eta Izibene Oñederraren Lursaguak, Kimuak-etik Zabaltegi-Tabakalera sailerako aukeratutako bi film labur; Maddi Barberren Urpean lurra film ertaina, Zabaltegi-Tabakalera sailean ere; Oliver Laxeren O que arde, Perlak sailean ikusgai; eta, azkenik, Igor Arabaolazaren Zer jan hura izan, Culinary Zinema sailean.

Bi proiektu Koprodukzio Foroan eta Ikusmira Berriak programan

Gainera, euskal ekoizpeneko bi proiektu izango dira ere: Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan Asier Altunaren Karmele hautatu dute, eta Ikusmira Berriak egonaldi-programaren esparruan, Jo ta ke garatzen ari da  Aitziber Olaskoaga.

.

Jose Maria ‘Txepe’ Lara

Irailaren 24an (asteartea), Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren galan, Agur Etxebeste! filma estreinatzeaz gain, Zinemira saria banatuko da.  Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizle-elkarteek euskal zinemaren pertsonaia nabarmen baten ibilbidea aintzat hartzeko ematen dute ohorezko sari hori. Orain arte, Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017) eta Ramón Agirre (2018) omendu ditu sariak. 2019an, José María Lara Txepe ekoizlearen jardunari egingo dio gorazarre.

Txepe Larak (Madril, 1948) 1985ean hasi zuen zinemarekin harremana, foto finkoko eta kamera-laguntzaileko zereginak betez: Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1986), Adiós, pequeña (Imanol Uribe, 1986) eta Ander eta Yul (Ana Díez, 1988) filmetan, besteak beste.  Urte gutxietara, José María Lara P.C. ekoiztetxea sortu zuen, egun erreferente diren zinemagile askoren hastapenak babestuz: Daniel Calparsoro, Telmo Esnal eta Asier Altuna, Helena Taberna, Julia Juaniz…

Azken hiru hamarkadetan euskal zinemagintzaren sormen eta garapenenean ekoizle “aurrendaria” eta funtsezko pieza izanak aitortuko dizkio Donostia Zinemaldiak.