Udako Zinema Zikloa estreinatu dute lehen aldiz Ean. Uztailean hasi eta abuztuaren 29ra arte zortzi film izan dituzte aukeran Eskolondora hurbildu diren zinemazale zein bestelako kuxkuxeroek. Bihar egingo dute azken saioa, Girlhood (2014), 20:30etik aurrera.
Debekuen segida bat besterik ez da bizitza Mariemerentzat, bere ingurukoek zein ikasketen zamak estuturik eta auzoko gizonezkoen azpilegeaz zapaldurik. Gutxien espero duenean, arima libreko emakme talde bat ezagutuko du. Horien pentsamendu askeak erakarrita, izena eta itxura aldatuko ditu, taldeko kide izateko onarpen bila. Bada, eraiki berri duen Vic gaztearen azaletan, bortxa, laguntasuna eta askatasuna nahastuko dituen kale-kode berri bat besarkatuko du.
Girlhood filmaren emanaldiarekin emango diote amaiera udako zinema sasoriari abuztuaren 29an. Uztailaren 4an eman zioten hasiera mostrari, eta, guztira, hamartik gora izenburu izan dira ikusgai: The Florida Project (2017) ; Pepper, Doce de Gaiabada, En eftermiddag, Tomorrow eta Hole laburrak; Matangi/Maya/M.I.A (2018); Merci patron! (2015); Tomboy (2011); No More Tour (2013); eta, azkenik, Girlhood (2014).